Osasuna eta bizimoduak
Bizimodua pertsona bakoitzaren bizitzeko era da, hau da, bizitzan hartzen dituen jokaera, ideia eta jarreren multzoa.
Badira bizimodu batzuk osasun hobea izaten laguntzen dutenak, pertsonak desorekatu ditzaketen alderdiak urritzen edo saihesten laguntzen dutenak.
Osasunerako heziketaren estrategiak, hain zuzen ere, indibiduoek beren bizimodua eta horrek beren ongizatean duen eragina ezagutzen saiatzea izan behar du. Ikuspegi horretatik bakarrik jar ditzake martxan indibiduoak bizimodu osasungarria lortzeko beharrezkoak diren aldaketak.
Bizimodua eta pobrezia
Uste da munduan dauden gaixotasunen herenaren eragina gutxitu edo saihestu ahal izango litzatekeela bizimodu ona izanez gero, hots, pertsonen jokaeran aldaketak sartuz gero.
Bizimoduan aldaketak egitea diogunean, pertsonaren ingurua kontuan hartu behar da. Askotan, inguruak berak jokaera osasungarriak saihesten ditu. Horrela, pobrezian bizi direnek aldatzeko aukera gutxiago dute, eta nahiz eta osasunerako jarrera ona eta informazioa izan, ez dute aurrera eramateko biderik.
Erdi eta goi mailako pertsonek aukera handiagoak dituzte osasun fisikoa eta mentala hobetzen laguntzen dieten jokaerak hartzeko.