OHITURA OSASUNGARRIAK

Osasuna bidegabeko munduan

Munduak bi alde ditu; batean, Lehen Munduko herriak daude, eta, bestean, Hirugarren Mundukoak. Azken horiek herri aberatsetara hurbiltzeko bidea egiten saiatzen dira, eta, besteak, gozatzen duten egoera betikotzen. Horren ondorioz, horien arteko aldeak handitzen ari dira: aberatsak gero eta aberatsagoak dira, eta pobreak gero eta pobreagoak.

Nahiz eta, oro har, bizi-itxaropena planeta osoan hazi, haurren heriotza-tasa baxuago bihurtu, herri demokratiko gehiago egon, errenta per capita herri guztietan handiagotu eta elikagai-produkzioa ugaritu, biztanleriaren herena pobreziaren mugaren azpitik bizi da. 500 milioi pertsona baino gehiagok desnutrizioa dute, eta gaixotasun infekto-kutsakorrek heriotza ugari ekartzen dituzte.

UNESCOren helburua

 

Egunen batean nazioak, indar militar edo ekonomikoaren arabera edo hirien eta eraikin publikoen ospearen arabera epaitu beharrean, bertako biztanleen ongizatearen arabera epaituko dira: osasun, nutrizio eta heziketa-mailaren arabera; egindako ahaleginen ordain zuzena lortzeko aukeren arabera; biztanleen bizitzei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko ahalmenaren arabera; askatasun zibil eta politikoen errespetuen arabera; ahulenak zaintzeko moduaren arabera; eta garatzen ari diren haurren gorputz eta adimenaren babesaren arabera.