Etxeko segurtasuna
- LINK: Kanpo loturak (1)
Etxeko istripuak dira guretzako arriskurik handienak etxean. Ospitalera eraman gaitzaketen gertakarien herena etxeko istripuak dira. Etxe barruan, sukaldea da gelarik arriskutsuena: sua, ura, koipe beroa eta tresna zorrotzak direla eta, arreta berezia jarri behar da.
Etxebizitza guztiek eduki behar dute itzalgailuren bat. Eta etxean izan ditzakegunak honako hauek dira:
- Ur-itzalgailua: txorrota sugarraren behealdera zuzendu behar da, baina badu eragozpenik: ezin da erabili koipe eta olio-suteetan edo sute elektrikoetan. Batean elektrokuzioak gertatzen dira, eta, bestean, leherketak.
- Hauts lehor edo lurrun bidezko itzalgailua: sute elektrikoetarako edo koipe eta olio-suteetarako bereziki egokiak dira. Sugarraren gainera zuzendu behar da, gorputzetik urrundu ahal izateko. Erabilgarri izateko, suaren aurkako substantziak gutxienez kilo bat izan behar du.
Edozein eratara ere, kontuan izan sutea zabaltzen bada etxetik atera eta suhiltzaileei deitu behar zaiela.
Etxeko sute larrien eragile nagusiak gasa eta elektrizitatea dira. Horregatik, tartean behin ikuskatu egin behar dira gas-hodiak eta kable elektrikoak, eta egoera onean daudela ziurtatu. Itzal ezazu gasa erabili behar ez baduzu, ez itzazu luzagarriak eta lapur elektrikoak gehiegi erabil, eta instalazio elektrikoak lur-hartunea duela egiaztatu.
