OHITURA OSASUNGARRIAK

Zenbat eta noiz lo egin

Eguneroko lo-orduak aldatu egiten dira adin batetik bestera eta pertsona batetik bestera. Oro har, ordu-kopurua gutxitu egiten da adinean aurrera egin ahala. Heldu batek zazpi edo zortzi ordu lo egin ohi ditu, nahiz eta batzuk denbora gutxiagorekin ere osasuntsu bizi diren. Beste alde batetik, egunero ez dugu lotan ordu-kopuru bera behar.

Beste faktore garrantzitsu bat eguneko zein garaitan lo egiten dugun da. Gehienek gaueko orduak nahiago dituzte, baina jende askok lo indarberritzaileagoa du goizez: goiz jaikitzea batere ondo eramaten ez dutenak izaten dira. Fenomeno horretarako hainbat azalpen eman dute ikertzaileek. Kausa posibleetako bat fetuak, haurdunaldian, amaren lo-ohiturak hartzen dituela da. Hori horrela izanez gero, ama "egunzaleagoek" seme-alaba "egunzaleagoak" izango lituzkete; eta ama "gauzaleagoek", seme-alaba "gauzaleagoak".

Nolanahi ere, espezialista gehienek joera horiek jatorri konplexuago bat dutela uste dute eta ohiturak garrantzi handia duela horretan. Gainera, adituen esanetan, lo egiteko unerik onena gaua da, besterik ez bada ere argi eta hots gutxiago egoteak lo sakona egiten laguntzen duelako eta hori atseden ona izateko lagungarria delako.