OHITURA OSASUNGARRIAK

Ondo atseden hartzea

Atsedena hartzera joateko unean, lasai egon behar dugu. Ez dugu obsesionatu behar lo egin behar dugula. Izan ere, obsesioak sortutako barne-hersturaren eraginez, ezin izango dugu lo egin.

Atseden hartzeko aholkuak

  • Bizigarririk ez kontsumitu (kafea, tea, alkohola, kola edariak, eta abar) oheratu baino lehen. Bizigarrien eragina asko aldatzen da pertsona batetik bestera, baina normalean lokartzea zailtzen dute.
  • Afaltzerakoan ez gehiegi jan, eta betiere oheratu baino gutxienez bi ordu lehenago afaldu, digestioa egiten ari garenean ez lokartzeko. Dena dela, tripa hutsik ere ez da ondo lo egiten.
  • Loa iristen ez bazaigu, ez da ona han etzanda orduak eta orduak ematea. Funtsezkoa da lo egin ezinaren larritasuna saihestea.
  • Komeni da egunero ordu jakin batzuetara ohitzea, erloju biologikoa sinkronizatuta egon dadin.
  • Giroko baldintza egokiak izan behar dira: tenperatura atsegina duen gela, argi askorik gabea, hotsik gabea, eta lastaira eroso batekin. Hobe da lastaira sendoa izatea, bizkarrezurrak postura beharturik ez hartzeko.
  • "Amonaren erremedioek" ere funtzionatzen dute. Baso bat esne epel edo ezki infusioa hartzea lasaigarria da. Era berean, lasaigarri dira oheratu aurreko "erritualak" edo ohitura finkoak, hala nola pixka bat irakurtzea.
  • Hobe da botika lasaigarririk ez hartzea, haietara ohitzeko arriskua baitago. Botikaren bat hartu behar izanez gero, medikuaren aginduz hartu behar da.
  • Ez da ariketa fisiko gogorrik egin behar oheratu aurretik. Hala ere, onuragarria da arratsaldearen erdialdean ariketa neurritsua egitea.