OHITURA OSASUNGARRIAK

Nekea

Gorputzak neurriz gaineko buru edo gorputz ariketari ematen dion erantzuna da nekea. Beraz, atsedena hartuta desagertu behar luke baina hori ez da beti horrela izaten. Neke edo astenia garaiak oso ohikoak dira. Medikuntza orokorreko medikuari egiten zaizkion bisiten % 60 nekearekin erlazionatuta daudela kalkulatzen da.

Gorputzeko edo emozioetako edozein arazok nekea dakar. Baina, askotan, proba fisikoak eginagatik edo psikiatra nahiz psikologoa bisitatuagatik, ez dira kausak agertzen. Halakoetan, medikuek bitaminak edo indargarriak hartzea agintzen dute. Izan ere, organismoaren gabeziak izaten ditugu maiz, gure bizimoduagatik eta elikadura-moduagatik eta halako gabeziek ere astenia eragiten dute. Eguraldi-aldaketak, depresio arinak eta asperdura dira beste kausa batzuk.

Neke kronikoaren sindromea edo CFS

Normalean, nekea bat batean desagertzen da, iritsi zen bezalaxe, ageriko arrazoirik gabe. Baina sei hilabete edo gehiago irauten badu, beharbada neke kronikoaren sindromea edo CFS izeneko gaixotasun bakana izango da. Gaixotasun hori herrialde industrializatuetan zabalduta dago, eta horren kausak ez dira ezagunak oraindik. Sindrome hori hartzen ari den garrantzi handiaren erakusgarri dugu kalkulu hau: Estatu Batuetan, estatistiken hain zalea dugun herrialdean, 2 - 5 milioi biztanlek dute gaixotasun hori.

Zein dira CFSaren sintomak? Gradu hamarren batzuetako sukarra, kontzentratu ezina, oroimen eza, goragalea, logalea, giharretako minak, suminkortasuna eta neke sakona, batzuetan depresiora daramana. Sintoma horiek guztiek gaixoaren gaitasun fisiko eta intelektualak %50eraino gutxitzen dituzte.