OHITURA OSASUNGARRIAK

Elikagaien osaera

Elikagaiek hainbat osaera izan ditzakete. Arrazoia da bakoitzak ezaugarri bereziak dituela: zaporea, kolorea, egitura, eta abar.

Nahiz eta osaera desberdinak egon, elikagaien azterketa kimikoak sei taldetan bana ditzakegula erakusten digu, elikagarri izeneko substantzien arabera: karbohidratoak, lipidoak, proteinak, bitaminak, gatz mineralak eta ura. Karbohidratoei, lipidoei eta proteinei berehalako osagaiak deritze.

Sei elikagai-talde hauetan daude zeluletako funtsezko substantziak, haien funtzionamendu egokia ziurtatzen dutenak: ura, mineralak, karbonoa, nitrogeno organikoa, bitaminak, aminoazidoak eta gantz-azido esentzialak. Elikagaietan oso neurri desberdinetan azalduko dira, eta organismoan izango duten eginkizuna ere desberdina izango da.

Elikagaien eginkizunak honako hauek dira:

  • Eginkizun energetikoa.
  • Eginkizun estrukturala edo plastikoa.
  • Eginkizun erregulatzailea.

Etekin handia

Giza gorputza, energiari dagokionez, makinarik perfektuenetarikoa da; elikagaietan dagoen energia kimikoaren %35a erabiltzeko gai da.

 

Eginkizun estrukturala edo plastikoa

 

Eraikitze eta berreraikitze eginkizun hau proteinek betetzen dute; organismoaren maila desberdinetan jarduten dute, molekuletatik hasi eta ehun eta organo guztietaraino. Proteina ugari dituzten elikagaiak esnea, esnekiak, haragia, arraina eta arrautzak dira.

 

Eginkizun energetikoa

 

Batez ere karbohidratoek eta lipido edo gantzek betetzen dute. Lehenak berehalako energia-iturritzat erabiltzen dira; bigarrenak, berriz, erreserbarako energia-iturri dira. Eginkizun hori duten zenbait elikagai hauek dira: laboreak, ogia, azukrea, olioa eta gantzak.

 

Eginkizun erregulatzailea

 

Batez ere bitaminek eta mineralek betetzen dute. Hauek ezinbestekoak dira dietan, nahiz kopuru txikitan bakarrik behar izan. Organismoaren prozesu metaboliko esentzialak erregulatzen dituzte. Substantzia hauek, barazkietan, fruituetan eta egoskarietan daude.