OHITURA OSASUNGARRIAK

Karbohidratoak

Izen honekin antzeko propietateak dituzten hainbat substantziari deitzen zaie, oso egitura desberdinak dituzten arren. Konposatu hauek beste izen batzuk ere badituzte, hala nola karbono hidratoak edo azukreak, oro har. Biokimikaren ikuspuntutik egokiena gluzido izena da. Sinpleenak azukreak dira, eta, hainbat azukre batuta, hidrato konplexuenak sortzen dira (almidoiak eta zelulosa).

Azukre sinpleak dira organismoak zuzenean asimila ditzakeen bakarrak; konposatuak digestioan zehar azukre sinpleetan hidrolizatzen dira. Edozein jatorri dutela ere, karbohidratoak glukosa moduan erabili behar dira.

Gluzidoak elikagai garrantzitsuak dira, batetik ugarienak direlako, eta bestetik organismoaren erregai onenak direlako. Egunean behar ditugun kalorien %60 a karbohidratoek ekartzen dizkigute: gramo batek lau kaloria ematen digu.

Karbohidratoek ahoan listuaren eragina jasaten dute, gero urin gastrikoaren azido klorhidrikoak, eta, hestean, hartzigarri pankreatikoak. Eragin hauek degradatu egiten dituzte kate luzeak, glukosa bihurtu arte. Gisa horretan heste-hormara igaro eta gibelera iristen dira.

Karbohidrato ugari duten janariak (laboreak, lekariak, tuberkuluak) herri askotako elikaduraren oinarri dira.

Glukosa eta glukogenoa

Gibela ezinbestekoa da azukreen metabolismorako: odolean dagoen glukosa-kopurua erregulatu egiten du, glukogeno gisa bilduz. Odolak garraiatutako glukosa zelula guztietara iristen da; giharretan glukogeno gisa biltzen da, kopuru txikitan; horrela, energia-erreserbarako balio izango du. Ehun adiposoan ere biltzen da, gantz bihurtuta.