Proteinak
- ANIMAZIOA: Proteinen eginkizun biologikoak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Gure ehunak eratzen dituzten materialen artean proteinak ditugu funtsezkoenak. Karbonoak, oxigenoak eta hidrogenoak osatzen dituzte, bai eta nitrogenoak ere. Gure gorputzean 12 kg proteina inguru daude, eta, uraren ondoren, hauek dira kopuru handienean aurkitzen ditugun substantziak. Tamaina handiko molekulak dira (makromolekulak), eta aminoazido izeneko molekula txikiagoak batuta sortzen dira.
Oso garrantzitsua da dietaren barruan proteinak izatea. Horiek gabe, ezin gaitezke bizi, ehunak eratzen dituztelako eta ehun horiek konpontzeko balio dutelako.
Hogeita hamar bat aminoazido ezagutzen dira, baina organismo gehienetan horietatik hogeik bakarrik parte hartzen dute proteinetan: aminoazido proteikoak. 20 aminoazido proteikoetatik zortzi ezin ditu gizakiak sintetizatu; beraz, dietaren bidez hartu behar ditugu: aminoazido esentzialak dira. Gizakia proteinarik gabeko dieta batekin ezin da bizi, horien bidez ehunak egituratu, ahuldutakoak konpondu eta hormona eta hartzigarriak eratzen laguntzen baitute. Animalia-elikagaietatik jasotako proteinek kalitate handiagoa dute, eta, beraz, balio biologiko handiagoa.Aminoazido esentzialen bat falta denean, proteinak balioa galtzen du, eta aminoazido horri aminoazido mugatzaile izena ematen zaio. Proteina asko duten elikagai bat baino gehiago elkarrekin janez gero, proteina gehiketa deiturikoa gertatzen da, eta, era horretan, kalitate bikaineko proteinak lortzen dira: arroza lekariekin, lekariak txerrikiekin, eta abar.
