OHITURA OSASUNGARRIAK

Elikagaien energia

Hartzen ditugun janarietan hainbat gauzek dute eragina: ohitura sozialek, norberaren ohiturek, erosteko ahalmenak, gustuek eta jateko beharrak. Apetitua da, ordea, jaten duguna kontrolatzen duena.

Gizakiak ezinbestekoak ditu kaloriak honako behar hauek asetzeko: bere gorputz-tenperatura berdin mantentzeko, organo eta guruin batzuei beren lanean laguntzeko, bizitzako garai zehatz batean eta eguneroko ehunen ahultzeari erantzuteko.

Jakina, kaloria beharrak aldatu egiten dira gizakiaren jarduera fisikoaren arabera, adinaren arabera edo egoera fisiologiko berezien arabera (haurdunaldian eta edoskitzaroan kaloria-kontsumoa handiagoa da, 350 eta 550 kilokaloria gehiago kontsumitzen baitira), egiten den lan-motaren arabera.

Gure eguneroko jardunari eusteko behar dugun energia gorputzak sortzen duen beroaren bidez neur daiteke. Bero hau elikagaien oxidazioaren ondorio da, eta kalorietan neurtzen da. Elikagaiak osatzen dituzten substantziak ezagutzeak eta haien eginkizunak aztertzeak aukera eman dute dietaren alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak zehazteko.

Eguneko kaloria kopurua

Energia-gastuaren eta elikagai-kontsumoaren inguruko ikerketek diotenez, 3000 kilokaloria kopuru egokia dira gizaki osasuntsu eta 65 kg inguruko baten beharrak asetzeko. Gomendio hau gizon eredu delakoarentzat egin dute. Emakume eredu delakoarentzat, aurrekoaren egoera berean eta 55 kiloko pisua edukita, 2.200 kilokaloria gomendatzen dute.