OHITURA OSASUNGARRIAK

Dieta osasungarria. Dieta orekatua

Gizakiok janari desberdinak janez mantentzen gara: arroza eta arrainetik hasita, gari eta haragietaraino. Beharbada bizi garen tokian eskuragarrienak direlako edo merkeenak direlako.

Dieta orekatuan beharrezko elikagai guztiak eta horiek kopuru egokian egon behar dute; horrela, organismoak bere materialak sintetizatu eta energia beharrak ase ahal izango ditu.

Definizio horren arabera, dieta orekatuak kantitate eta kalitate nahikoak izan behar ditu, eta adin bakoitzari zein beste ezaugarriei egokiturik egon behar du. Azken hau ez da erraza zehazten, pertsona guztiek ez baitute energia-kopuru berbera behar. Faktore askoren arabera dago behar hori, besteak beste, adina, sexua, egoera fisiologikoa eta norberak daukan jarduera-mailaren arabera.

Dieta orekatua denean, kaloria guztiak berehalako printzipioen arabera banatzen dira, honako proportzioak betez:

  • Kalorien %10-15 proteinetatik datoz.
  • Kalorien %25-30 gantzetatik datoz.
  • Kalorien %60 karbohidratoetatik datoz.

Proportzio hauek gordetzen ez direnean eta gantz edo proteina gehiegi daudenean, osasuna arrisku larrian egon daiteke.

Lan ertaina egiten duen pertsona heldu batek 45-50 kilokaloria hartu beharra izan dezake pisu-kilo bakoitzeko eta eguneko, baina proportzio honek ez du balio pertsona horrentzat beste lan bat, biziagoa, egiten badu. Hazi bitarteko garaian pertsonaren beharrak handiagoak dira, eta, emakumezkoen kasuan, are handiagoak haurdunaldian eta edoskitzaroan. Jarduera fisiko edo intelektuala dagoenean ere energia beharrak areagotu egiten dira.