OHITURA OSASUNGARRIAK

Portaera eta jokabide sexualak

Jokabide sexuala esaten zaio pertsona batek bere buruarekin, beste pertsona batekin (homosexuala, heterosexuala edo bisexuala) edota talde baten barruan gauzatu dezakeen edozein motatako praktika sexuali.

Musuak, laztanak, baginako koitoa, masturbazioa, aho-sexua, fantasia edo horietako batzuen konbinazioa jokabide sexualik ohikoenak dira.

Transmisio sexualeko gaixotasunak (STG)

Arriskuko portaerak transmisio sexualeko gaixotasun bat hartzeko arriskua areagotzen duten praktikak dira.

STG gaixotasunen infekzio-bide nagusia sexu-jarduerak izatea da, baina ez da bakarra, zeren gaixotasun horietako batzuk arropak edo esku-oihalak ukitze hutsarekin transmititu baitaitezke.

Horrelako gaixotasun bat lehenago hartu izanak edo zure bikoteak horrelakorik izanak arriskua dakar jokabide sexual batzuk gauzatzean, batez ere neurri egokiak ez badira hartzen.

Transmisio sexualeko gaixotasunak -HIES, adibidez- saihesteko neurriak hartzen direnean, portaera seguruez mintza daiteke.

Gomendagarria da seme-alabekin sexualitatez hitz egitea eta aholkuak ematen jakitea, horrela beren zalantzetako asko argitu ditzakegulako.

Partaideen adostasuna

Jokabide horietako asko ohitura bihurtu dira harreman sexualetan. Baldin eta elkar gogobetetzen badute edo beste pertsona batzuei edota nork bere buruari kalte fisiko edo psikologikorik eragiten ez badio, jokabide normaltzat har daitezke. Desbideraketez mintzatuko gara, ordea, aipatutako hori gertatzen ez denean; horregatik, oso garrantzitsua da kideak aurretik ados egotea.