Zer da sasoian egotea?
Alderdi fisikoan (muskulu eta hezurren sistema, bihotza eta arnasarena eta metabolikoa) zein psikikoan, organismoaren sistema eta aparatu guztiak ondo dabiltzala egiazta daitekeenean, pertsona bat sasoi onean dagoela esan daiteke.
Sasoi ona bizimodu osasungarria eramanez, kirola ere barne, lortzen da. Kirolak ongizate sentsazioa ziurtatzen du, eta segurtasuna, asebetea, auto-kontrola eta erlaxazioa ematen ditu. Gainera, arintasun eta indar handiagoa ahalbidetzen du, eta, ondorioz, autonomia handiagoa ematen digu.
Azpimarratu beharra dago, halaber, gorputz osasuntsu batek itxura hobea duela eta ariketa fisikoaren ohitura hartzeko motibazio bat izan daiteke, baina ez horrek ez luke bakarra izan behar. Pertsona bakoitzaren premien araberako ariketa egin behar da, bere ezaugarri fisikoekin bat etorriz, eta bere adina eta aldez aurreko osasun-egoera kontuan izanik, eta jakina, baita bere lehentasunak ere, eta horrexegatik komeni da azterketa mediko bat egitea ariketa egiten hasi aurretik, gerora eragozpenik gerta ez dadin.
Funtsezkoa da poliki hastea eta pixkanaka handitzea ariketen maiztasuna, iraupena eta intentsitatea. Komeni da ahalegin horretara apurka egokitzen uztea organismoari. Ariketa egunero egitea da komenigarriena, ordu erdi batez bakarrik bada ere. Astean zehar egin ez den kirola asteburuan kolpetik egiteak, minak eta lesio desatseginak besterik ez ditu ekartzen. Ez da sekula ahitzera iritsi behar.