Zein dira ariketarik onenak?
Kirol arloan balentria izugarriak egin gabe osasuntsu egon nahi duen edozein pertsonarentzat dagoen kirolik onena kirol aerobikoa da, hau da, bihotzak odola eta, odolarekin batera, oxigeno-kopuru handiagoa ponpatzen duenean giharretara, denbora-tarte luze samar batez; bihotz-hodientzat onuragarriena da eta biriken gaitasuna handitzen du, energia-kopuru handiak kontsumitzeaz gain. Erresistentziako ariketak izan ohi dira gehienak, hala nola paseatzea, lasterka egitea, igeri egitea edo bizikletaz ibiltzea.
Ariketa anaerobikoan, aldiz, giharrek ez dute oxigeno-ekarpenik jasotzen. Baldintza horietan, pertsonek esfortzu handiagoa egin behar izaten dute denbora-tarte laburrean, baina denbora hori handitzen joaten da entrenamenduekin. Intentsitate handiko ariketak dira, sprint segidak, kasu. Ez dira egokiak sasoi onean egon besterik nahi ez dutenentzat, ez baitute bihotz-biriketako ahalmena hobetzen.
Beste alde batetik, kirol indibidualak askoz ere positiboagoak dira gure helburuentzat, ez baikaude taldearen menpe hori lortzeko, nahiz beste batzuetan, eta lehiaren zaleago irudi badezake ere, talde bateko partaide izatea berez onuragarri izan daiteke kirola egiteko.
Hobetzeko nork bere burua lehiakide izan behar du, baina norberaren mugak kontuan hartuta.Giharretako minak
Gihar bat ohikoa baino ariketa gehiago egitera behartzen dugunean sortzen dira gihar-minak, edo baita ere, gihar-zuntza ahul dagoenean eta ariketa-mailari eusteko gaitasunik ez duenean. Min berezi hori giharretan izandako zelula-hausturak sortua da, zelularen barrualdeko elementuak kanpoaldera irteten direnean. Horien artean kaltziozko eta potasiozko ioiak daude. Horren ondorioz, hantura-mekanismo bat jartzen da abian, eta bere punturik gorena, handik 24-48 ordutara izaten da.
