OHITURA OSASUNGARRIAK

Kirol gomendagarriak: txirrindularitza

Gaur egun txirrindularitza da gehien egiten den kiroletako bat. Bi txirrindularitza-mota daude: mendikoa eta errepidekoa. Bata eta bestea dira egokiak bihotz-biriken ahalmena handitzeko.

Gustuen araberakoa da modalitate hauetako bat aukeratzea. Mendiko txirrindularitzak naturarekiko lotura handiagoa eskaintzen du. Errepideko txirrindularitzak bi gurpilen gaineko idolo ospetsuen mailara ibiltzea ahalbidetzen digu. Baina kirol hau errepideetan egiteak arrisku gehigarri bat dakarkio kirol osasuntsu eta atsegin honi.

Errepidean ibiliz gero, txirrindulariak bazterretik joan behar du, edo, besterik ezean, galtzadaren eskuinaldetik ahalik eta hurbilen. Bizikletak debekatuta daude autobideetan, baina ez autobietan. Taldean ibiltzen bagara, egokiena ilara bakarrean edo bi ilaretan joatea da, nahiz egun indarrean dagoen araudiak taldean joatea ere onartzen duen, betiere arreta handiz, pertsona desberdinen arteko talkak eragoztearren.

Kaskoa ez da nahitaezkoa, baina komenigarria da erabiltzea. Txirrindulari bat bizikletatik erortzen denean, zauri arriskutsuenak buru eta aurpegikoak dira, eta kaskoak murriztu egiten du zauritzeko aukera, baita larritasuna ere. Kaskoak kolpe bortitzen bat jasoz gero, aldatu egin behar da. Ikusten ez diren haustura txikiak egon daitezke, eta horiek kaskoaren eraginkortasuna asko murrizten dute.

Autoek, txirrindulariari edo tropelari aurrea hartzerakoan, gutxienez metro eta erdi urrundu behar dute. Horretarako kontrako norabidean sartu behar badute, ezingo dute egin aurreratzea debekatuta dagoen tokietan.