Oinarrizko gimnasia-taula
- TEST: Egia edo gezurra?
- LINK: Kanpo loturak (1)
Aukeratzen dugun kirolaz gain, ariketa-taulak egitea oso komenigarria da gutxien erabiltzen ditugun giharrak sendotzeko eta gure gorputzaren indarra eta elastikotasuna bateratzeko. Jarraian oinarrizko zenbait ariketa dituzu, lantzen den gihar-aldea irizpidetzat hartuta.
Besoak:
Besoetako giharrak beso-flexioak edo fondoak eginez sendotu daitezke. Horretarako lurrean jarri behar dugu, ahoz behera, eta gorputza erabat luzaturik; besoen indarrez altxatuko dugu gorputza. 5 eta 10 fondo bitarteko txandak izango dira, tarteka atseden eginez, eta txanda-kopurua pixkanaka handitzen joango gara.
Sabelaldea:
Sabelaldea eta bizkarrezurra malgu mantentzeko abdominalak izeneko ariketak egin ditzakegu. Ahoz gora etzanda, belaunak bilduta eta eskuak bularrean edo garondoan, flexioak egingo ditugu bularra ahalik eta gehien altxatuz, bizkarra makurtu gabe. Horrela, lan guztia sabelaldeko giharrez egingo dugu.
Gerrialdea:
Bizkarraren beheko aldean dauden gihar hauek lantzeko, ahoz behera etzan behar dugu, eskuak garondoan, eta gorputz-enborra ahalik eta gehien altxatzen saiatu behar dugu. 10 eta 15 bitarteko txandak egin behar dira, atseden txikiak tartekatu eta berriro ekinez.
Hau jakinda, gure ariketa-taulak egin ditzakegu. Ariketa hauek pisuez osa ditzakegu. Pisuek besoak, hankak, eta bularraldeko eta bizkarraldeko giharrak lantzeko balio dute. Pisu gutxi erabiliz eta askotan errepikatuta, indarra handitzen da, eta gutxitan errepikatuta baina pisu handia erabiliz, masa handitzen da.
Gogoan izan behar da lehen egunetan gihar-mina izango dugula, baina, etengabe eta arduraz jardunez gero, berehala nabarituko dugu hobekuntza.
