Estresa
- EXTRA: Tentsio ez-emankorra
Gaur egun pribilegioa da bizimodu lasaia eta erlaxatua izatea. Ohikoena tentsioan bizitzea da, edozertarako presaka ibiltzea: jan, lan egin, leku batetik bestera mugitu... Arintasun horrek hasieran garrantzirik gabeko aldaketak eragiten dizkigu, baina epe luzera ondorio psikologiko eta fisiko larriak ekar ditzake.
Estres hitza ingeleseko stress hitzetik dator eta medikuntza arloan "organismoari eskatzen diogun guztia dela eta, honek ematen duen erantzun ez-espezifikoa" esan nahi du. Horrek estres negatiboa eta positiboa dagoela esan nahi du.
Positiboak, eguneroko bizitzak ezartzen dizkigun arriskuei aurre egiteko zentzumenak ezarri eta adimena argitasunez erabiltzea ahalbidetzen digu. Bestetik, pertsona bakoitzaren muga zehatz bat zeharkatu eta estres negatiboa agertzen bada, honek zurrundu egingo gaitu eta era zuzenean erantzutea eragotzi; orduan, arazoa azalduko da.
Era honetako tentsio ez-emankorra pilatzen doa askapen edo erlaxaziorik gertatzen ez bada. Orduan garuneko zentro erregulatzaileek gehiegi erreakzionatzen hasten dira, higadura fisikoa, larritasun krisialdia eta, areagotuz gero, depresioa eta bestelako osasun-aldaketak eraginez.
Herrialde garatuetako biztanleriaren %15 eta 25 inguruk larritasun-krisialdia sufritzen du. Emakume, pertsona heldu, gazte eta ikasleen artean eragiten du batez ere, eta paradoxikoki ez da krisialdirik gertatzen herrialde azpigaratuetan, ezta gerra, natura-hondamendiak, etab.. sufritu dutenen artean ere. Krisialdi honen aurrean, arrazoirik gabeko bat-bateko paniko sentimendua dago, pertsona ez izatearen eta zorabioaren sentsazioa, takikardia, izerdi-botatze handia eta dardarak.
Larritasun-krisialdiek hogei minutu eta ordu bat arteko iraupena dute eta bat-batean desagertzen dira, pertsona lur jota utziz. Honek, gainera, sorpresa eta inpotentzia sentitzen du bere erreakzioak kontrolaezinak direla antzematean eta horrek bere eguneroko bizitza eta gizarte-harremanei afektatu ohi die.
Larritasun handiko episodio batek sortutako sufrimendua handia izan arren, larrialdi-krisialdiak ez dira latzak, eta tratamendu egokiaz erraz desagertuko dira. Horregatik garrantzitsua da berehala espezialistarengana jotzea. Egoera kroniko bihurtzen bada, arazoak ondorio psikiko nahiz fisikoak ekar ditzake.
