Nerbio-anorexia
- TEST: Egia edo gezurra?
- LINK: Kanpo loturak (1)
Nerbio-anorexia gaztetan izaten da batez ere, nesketan bereziki (%95a), mutiletan pixkanaka ugaritzen ari bada ere. Gaixotasun honen eragina izugarri hazi da azken hamarraldietan.
Ez dago gaixotasun honen jatorria azalduko duen faktore bat. Elementu biologikoak (joera genetiko eta biologikoak), psikologikoak (familiaren eraginak eta gatazka psikikoak) eta sozialak (eraginak eta itxaropenak) konbinatzearen ondorioa da.
Edertasunaren eta arrakastaren egungo ereduek eraginda, ikaragarrizko argaltasuna eskatzen dutela, argaltasun hori bera bilakatu da helburu. Garrantzitsuak dira, halaber, historia pertsonala eta familiarra, perfekzionismorako joera, familiaren desegituraketa, familiaren eta gizartearen itxaropen gehiegizkoei men egitea... Faktore horiek guztiek gaixotasun hori izateko arriskua erraztu eta areagotu egiten dute, batez ere, nerabezaroan bezala, aldaketa esanguratsuak izan ohi diren garaietan.Pertsona anorexikoak bere gorputz-irudiaren pertzepzioan desitxuratze bat jasaten du, gizena eta proportzioz kanpokoa ikusten baitu bere burua, eta sekulako beldurra dio pisua irabazteari, baita pisu hori ohikoaren azpitik dagoenean ere. Gehienetan, elikagaiak nabarmenki murriztuz, libragarriak hartuz, nork bere buruari gonbitoak eraginez eta kaloriak erretzeko gehiegizko ariketa fisikoa eginez lortzen da pisu-galtze hori.
Gainera, azala lehortu egiten da, gorputzeko biloa ugaritu, etengabeko anemia, idorreria eta, emakumeetan, hilekoa ere galtzen da. Gaixotasun hori oso aurreratua dagoenean bakarrik lortzen dute beren arazoa onartzea, eta depresioak jota gera daitezke. Baina ordurako arriskuan egon daiteke beren bizia.
Anorexia motak
Bi eratako anorexia nerbiosoak bereizten dira: murrizgarria eta konpultsibo purgagarria.
Lehenengo mota horretan, dieta baten bidez edo ariketa asko eginez galtzen da pisua, eta bigarrenean, aldiz, betekada ikaragarriak egitera edo elikagairen bat irentsi ondoren libratzera jo ohi du pertsonak.
Laguntza eskatu
Askotan anorexia-aldiez bakarrik hitz egin daiteke. Hala ere garrantzitsua da adi egotea sintomak agertzen baldin badira, eta egoera hiru hilabete baino gehiago luzatuz gero medikuarengana joatea.
