OHITURA OSASUNGARRIAK

Droga-motak

Drogen funtsezko ezaugarria jarduera psikikoan duen eraginkortasuna da, hau da, burmuinaren funtzionamendu normala aldatzeko duten gaitasuna. Ikuspuntu honetatik hiru sustantzia-mota nagusi bereizten dira:

  • Droga depresoreak: nerbio-sistema nagusia deprimitzen dute, hau da, horien eragina lasaitzea da, sentsazio atseginak sorraraziz. Droga horietako batzuk dira hauek: barbiturikoak, opiazeoak, (morfina, heroina eta metadona) eta alkohola.
  • Droga suspergarriak: nerbio-sistema suspertzen dute hainbat sentsazio sorraraziz, hala nola euforia, erne egotea... eta beste batzuk murrizten ditu, esaterako, nekea eta gosea. Droga horietako batzuk dira honakoak: kokaina, anfetaminak, nikotina, kafeina eta teina.
  • Droga haluzinagarriak: errealitatearen pertzepzioa eraldatzen dute, kontzientzia-egoera asaldatuz. Horien artetik aipatzekoak dira LSD, kanabisa, arnasaz hartzekoak (kolak eta lekedak) eta droga sintetikoak.
Drograren bat probatu duten pertsonen proportzioa Euskadin (%)
Kokaina Anfetaminak Estasia LSD
15-19 3,2 7,9 3,9 0
20-24 19,0 22,8 7,2 6,2
25-34 8,5 11,8 4,7 4,2
35-49 6,3 5,4 1,4 2,8
50-64 0,2 0,5 0,2 0,2
65-79 0 0 0 0,3

Iturria: Eusko Jaurlaritzako Drogazaletasun Idazkaritza. 1999.

Drogen kontsumoa

Drogak ez daude berdin ikusita kultura guztietan; izan ere, batzuen kontsumoa, alkoholarena esaterako, herri askotan legala den bitartean, besteetan (musulmanetan), aldiz, debekatuta dago.

Dena den, drogak luzaroan kontsumitzeak oso eragin desberdinak sortzen ditu, sustantzia-mota, pertsonaren egoera fisikoa eta bizi dituen baldintzen arabera.