TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Applek milioi bat iPhone 3G saldu ditu lehenengo asteburuan

Applek milioi bat iPhone 3G saldu ditu lehenengo asteburuan

2008/07/15

Apple teknologia konpainia erraldoiak hiru egun baino ez ditu behar izan marka hausteko: konpainiak jakitera eman duenez, iPhone 3G gailuaren (telefono mugikorra, iPoda eta GPSa bateratzen dituena) milioi bat ale baino gehiago saldu ditu ostiraletik eta aurreikuspenik onenak ere gainditu dituzte.

Sakelako telefonoaren azken bertsioa ostiralean jarri zuten salgai 21 herrialdetan, Espainiako Estatua horien artean (Frantziakoan ostegun honetan, hilak 17 jarriko dute salgai), eta ikusmina egundokoa izan da. Salmenta puntuen kanpoaldean ilara luzeak ikusi ahal izan dira zenbait kasutan.

"iPhone 3Gk lehen asteburu bikaina izan du", esan du Steve Jobs Appleko kontseilari delegatuak ohar baten bitartez. "74 egun behar izan genituen lehen iPhonearen milioi bat ale saltzeko, beraz, badirudi 3G bertsioak sekulako hasiera izango duela", gaineratu du.

Telefono ezagunaren lehen eredua 2007ko ekainean jarri zuten salgai AEBetan. Denbora gutxian urteko asmakizunik onena izendatu zuten.

Nahiko garestia zen arren ?600 dolar inguru AEBetan, memoria tamainaren arabera?, lehendabiziko bi egunetan 250.000 ale saldu zituzten eta milioira iritsi ziren irailean. Halere, telefonoa beste bost herrialdetan baino ez zuten merkaturatu.

Orain, iPhone berria 21 herrialdetan eros daiteke eta prezioa askoz eskuragarria da telefono-operadoreen eskaintzei esker.