«« Itzuli
Euskal Encounter bilerak 10.000 megako banda-zabalera izango du

2008/07/24
Uztailaren 24tik 27ra izango da Euskal Encounter bileraren 16.edizioa. Aurtengoan segundoko 10.000 megako banda-zabalera izango dute partaideek, horrelako ekitaldietan izaten den munduko abiadurarik handiena hain zuzen ere.
Gainera, Encounterra BECen dagoen 35.000 metro koadroko pabilioi batean egingo dute eta 120 metro sare-kable, 60 metro kable elektriko eta 10 metro zuntz optiko izango ditu. Halaber, 4.000 ordenagailu egongo dira sarean. Bakoitzak 1.000 megako konexioa izango du ,eta 10.000 mega elkarrekiko loturetan.
6.000 parte-hartzaile izatea espero du antolakuntzak, 96 orduz antolatuta dauden ekintzetan aritzeko; esaterako, "GameGune" gunean Counter Strike jokoaren munduko jokalari onenak lehiatuko dira.
Horrez gain, RetroEuskalek ekintza didaktikoak antolatu ditu, bideo-jokoen historia ikusgai izango den museoa eta Space Invaders jokoaren partida handi bat. Gainera, musika eta informatika lotzen dituzten jolas-jarduera ugari izango dira, adibidez, SingStar, Guitar Hero eta Air Band, eta hilaren 25ean gaueko hamarretan Paramount Comedyko bakarrizketek gaua alaituko dute.
(Argazkia: Euskal Encounter)
