TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Iraultza bideo-jokoetan: adimena irakurtzen duen kaskoa

Iraultza bideo-jokoetan: adimena irakurtzen duen kaskoa

2008/08/12

Wii kontsolaren mandoa berritzailea izan bazen, orain bideo-jokoko pertsonaia pentsatze hutsarekin mugitu edota pantailatik objektu bat desagerrarazi ahalko da bertan ez dagoela imajinatze hutsarekin.

Zientzia-fikzioa ematen duen arren, kaskoa urte amaierarako AEBetako dendetan salgai egongo da. Sortzaileen arabera, bideo-jokoen eremuan iraultza handia izango da baina gainera, erabilera garrantzitsuak izango ditu defentsan edo medikuntzan, esaterako.

Emotiv Systems enpresak sortu duen EPOC hau burmuineko inpultso elektrikoak irakurri eta kurtsoreko mugimendu bilakatzeko gai da.

Sortzaileek aurreratu dute 299 dolarreko (200 euro) salneurria izango duela eta AEBetan egongo dela salgai.

"Neuronak elkarri eragiten diotenean, elektroentzefalografia ez intrusiboa erabilita antzeman daitekeen inpultso elektriko bat igortzen da" azaldu du Tan Le Emotiveko presidenteak.

Kaskoak aurpegiko 30 espresio eta erabiltzailearen emozioak hauteman ditzake eta Lek esan duenez, " ehunka pertsonekin frogatu da, eta beti funtzionatu izan du". Azken emaitza: jokalariak ekintzak imajinatze hutsarekin pantailatik objektuak desagerraraziko dituela.

Gainera, EPOCek erabiltzailearen aldartea aztertu ahalko du, eta esaterako, aspertuta dagoela antzeman ezkero, jokoaren zailtasun-maila igo egingo du.

Kaskoa frogatzeko aukera izan dutenek esan dute ohitzea kostatu egiten dela. Erabiltzaileak, 16 sentsore doitu behar ditu eta zaila da martxa hartu arte, baina behin aparatua lortuta "oso intuitiboa" dela erantsi dute.

Sortzaileen aurreikuspenak bete ezkero, EPOC hurrengo gabonetako izarra izango da. Adituen arabera, berriz, zaila izango da Wii kontsolak izan duen harrera lortzea.

(Argazkia: http://emotiv.com)