TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Liburu digitalak: kapitulu berri bat irakurleentzako

Liburu digitalak: kapitulu berri bat irakurleentzako

2008/08/28

Espainiar Estatuan oraindik indarrik ez daukaten arren, hainbat herrialdetan liburu digitalek arrakasta handia lortu dute.

Formatu berriak idazlearentzako abantaila handia suposatzen du, izan ere, Javier Celaya editoreak esan duenez, euskarri berriarekin salmenten etekinen % 80 jasoko luke.

"Gainera, teknologia berriekin editorialek paperezko salmenta hobeak izango lituzkete" azaldu du Celayak, Dosdoce.com atariko bazkideak.

Harper Collinsek esaterako, salmentak % 30 igotzea lortu du "erabiltzaileei liburua merkaturatu aurretik 30 egunetan sarean debalde irakurtzeko aukera eskaini ondoren".

Estrategia berri horri Internet bidez idazleen sare sozial bat sortu eta hainbat euskarritan liburuak saltzeko aukera gehitzen zaio, hots, normala, patrikakoa eta digitala.

Celayak eman duen beste datu adierazgarri bat zera da: Hachettek 2007an saldu zituen liburuen % 6 elektronikoak izan zirela.

Amazonek, bestalde, urte bakar batean milioi bat Kindle saldu ditu. Kindleak eskuko gailu batzuk dira, eta bertan liburuak pilatu eta irakur daitezke. Oraindik ez dago Europan salgai, baina webgunearen bidez eros daiteke.

Aipatutako eBook hori erabiltzeko, gune zehatz batetik jaitsi beharko dira edukiak, Applek iPodarekin lehenago egiten zuen bezala.

Espainian, oraindik orain, merkatu berri hori ikertzen ari dira, baina Celayak esan duenez, "editorial espainiarrak ez dira batere berritzaileak".

Idazleak eskubideak galdu eta pirateria delituen inguruan dagoen beldurrari dagokionez, Celayak azaldu duenez, euskarri digital horrek "badauka lanak babesteko adinako teknologia".