«« Itzuli
Pertsona ezinduak laguntzeko teknologien lehen nazioarteko kongresua antolatuko du Teknaliak

2008/11/18
Tecnalia Korporazio Teknologikoak "ableTech'08" antolatuko du, pertsona ezinduen laguntzarako eta irisgarritasunerako teknologien nazioarteko lehen kongresua. Pertsona ezinduek duten bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeko helburua du, Juan Carlos Rodriguez Robotiker-Tecnaliako zuzendari nagusiak azaldu duenez. Rodriguez Kongresuko Antolakuntza Batzordeko presidentea da.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatuko dute kongresua eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokan egingo dute abenduaren 10ean eta 11an. Bertan kirolari paraolinpikoei omenaldia egingo diete eta horretarako, Pekineko azken joko olinpikoetan dominak irabazitako hainbat kirolarik parte hartuko dute.
Laguntzarako eta irisgarritasunerako teknologien sektoreko agente guztiak bilduko ditu Tecnaliak BECen: enpresak eta erabiltzaileak, administrazio publikoak, erabiltzaileen elkarteak eta ikerketa zentroak.
Nazioarteko zein Estatuko adituen "ordezkaritza handia" iragarri dute antolatzaileek. Horrela, Alemaniatik, Belgikatik, Kanadatik, Finlandiatik, Holandatik, Portugaletik eta Britainia Handitik adituak etorriko dira, besteak beste, Europako Batzordeko, Siemenseko, ONCEko, Ezgaitasunaren Europako Foroko eta Pertsona Nagusien Nazioarteko Federakundeko ordezkariak.
