«« Itzuli
Azken urteotako asmakuntzak
CDaren asmakuntza

2001/01/01
Disko digital konpaktua, gaur egun arrunta bihurtu dena musikan eta informatikan, 1960ko hamarkadaren bukaera aldera, James T. Russell-ek asmatu zuen. Haurtzarotik izugarri azkarra zen asmatzaile hau. Sei urte zituela urrundik maneiatzen zen itsasontzitxo bat asmatu zuen. Fisikari egin zen gero eta General Electric-en hasi zen lanean. Enpresa horretan ari zela, lehenbizikotakoa izan zen koloretako telebista-pantaila bat eta teklatu bat ordenagailuarekin komunikatzeko erabiltzen, eta bera izan zen elektroi-txorrotadazko lehen soldagailua diseinatu eta egin zuena. Oso musikazalea zen. Garai hartako beste melomano asko bezala, ez zegoen batere konforme binilozko diskoek eskaintzen zioten kalitatearekin eta gainera hondatzen joaten zirelako. Saiatu zen orratzak hobetzen, kaktus-arantzak erabiliz. Larunbat arratsalde batean, bakarrik zegoela etxean, musika grabatzeko sistema hobea zein izan zitekeen pentsatzen jarri zen eta benetan inspirazio bikaina izan zuen: soinuak grabatzeko eta erreproduzitzeko diskoa ukituko ez zuen sistema bat otu zitzaion. Onena argia erabiltzea izango zela pentsatu zuen. Datu digitalak grabatzen ohituta zegoen Russell, baina txartel zulodunetan edo zinta magnetikoan. Oraingoan pentsatu zuen 1 eta 0 balioak kodetzeko erabil zezakeela argia eta iluna. Urteak ideia hori garatzen eman ondoren, 1970 lortu zuen lehen disko konpaktua. Hau plaka fotosentikor bat zen mikroi bat diametroko puntutan argiaz marka zezakeena. Laserra erabiltzen zuen puntuen edukia irakurtzeko eta ordenagailu bat hortik seinale elektronikoak lortzeko.
