«« Itzuli
Azken urteotako asmakuntzak
Nolakoa da CD irakurgailua barrutik?

2001/01/01
CD irakurgailuaren xedea CDan gordeta dauden datuak jasotzea da. CDak informazio digitala izaten du gordeta, hau da, 0 eta 1 balioen bidez kodetua. Kodeketa hori diskoak dituen irtenune batzuen bidez egiten da. Irtenunea baldin badago balioa 1 da eta bestela 0. Irtenune hauek diskoan kiribil luze-luze baten arabera egoten dira lerrokatuak. Beraz, datuak irakurtzea irtenuneak eta hutsuneak detektatzea da. Horretarako, irakurgailuak hiru atal nagusi ditu: motor bat diskoa birarazten duena, laser bat izpia irtenunetara bideratua duena, laserra kiribilaren gainean mantentzen duen mekanismoa. Motorraren biraketa-abiadura zehazki kontrolaturik dago, irtenuneen eta laser-izpiaren arteko abiadura erlatiboa beti berbera izan dadin, ardatzetik hurbil nahiz urrun egon. Laser-izpiak CDaren polikarbonato gardena zeharkatzen du eta irtenuneak estaltzen dituen aluminiozko geruzan islatzen da. Argia irtenunean islatzen bada modu batera islatzen da eta hutsunean islatuz gero, berriz, beste era batera. Diferentzia hauek argi islatua jasotzen duen gailu optoelektroniko batek atzematen ditu eta seinale elektriko bihurtzen ditu.
