«« Itzuli
Azken urteotako asmakuntzak
Kamera digitalaren asmakuntza

2001/01/01
Kamera digitalaren teknologia telebistako irudiak grabatzeko teknologiatik eratorria da. 1950eko hamarkadan sortu ziren telebistako irudiak zintan grabatzeko lehen tresnak. Bai telebistako kamerek eta baita argazki kamera digitalek ere osagai berbera erabiltzen dute argiaren intentsitatea eta kolorea atzemateko: CCD (Charged Coupled Device) deritzona, hain zuzen ere. Hasiera hartan telebistako irudiak digitalki jasotzen ziren, baina gero zinta magnetikoan grabatzeko, seinale digitalak analogikoak bihurtzen ziren. 1960ko hamarkadan NASA, bihurketa hau egin ordez, ilargiaren argazkiak ateratzen zituzten espazioko zundetatik Lurrera zuzenean seinale digitalak bidaltzen hasi zen. Informatika ere garatzen ari zen eta ordenagailuak erabiltzen hasi ziren zundek igortzen zituzten irudiak hobetzeko. Satelite espioiek ere irudi digitalak bidaltzen zituzten. Sektore pribatuan ere aurrerapenak egiten hasi ziren. Texas Instruments-ek filmik gabeko lehen kamera elektronikoa 1972an patentatu zuen. 1981an Sony-k Sony Mavica argazki-kamera elektronikoa, merkatura iritsi zen lehena, atera zuen. Irudiak minidisko batean grabatzen ziren eta gero bideo-irakurgailu baten bidez telebista-aparatu batean ikusten ziren edo kolorezko inprimagailu batean inprimatzen ziren. Halere, lehen Mavica hura ez zitekeen har benetako kamera digitaltzat, bideo-kamera bat zen, irudi "izoztuak" jasotzen zituena. 1970. urteko hamarkadaren erdialdetik aurrera Kodak-ek erdieroalezko zenbait irudi-sentsore asmatu zituen, irudi digitalak jasotzeko. 1986an Kodak-eko zientzialariek 1,4 megapixel jasotzeko gai zen lehen sentsorea asmatu zuten.
