«« Itzuli
Azken urteotako asmakuntzak
Teklatuaren asmakuntza

2001/01/01
Ordenagailuen teklatuaren asmakuntza idazmakinaren asmakuntzarekin hasi zen. Christopher Latham Sholes-ek 1868an patentatu zuen gaur egun ezagutzen dugun idazmakina. Remington enpresak merkaturatu zituen lehen idazmakinak 1877tik aurrera. Garapen teknologiko batzuk behar izan ziren idazmakinatik ordenagailuaren teklatura igarotzeko. 1930ean asmatu zen teletipoak idazmakinaren teknologia telegrafoarekin konbinatu zuen. Teletipoan idazmakina testuak sartzeko eta inprimagailu gisa erabiltzen zen. Hainbat lekutan txartel zulodunezko sistemak idazmakinekin konbinatu zituzten, txartelak zulatzeko makinak eginez. Lehen ordenagailu-teklatuak txartelak zulatzeko makinen eta teletipoen moldaketaz egin zituzten. 1946an Eniac ordenagailuak txartel zulodunak irakurtzeko tresna bat erabiltzen zuen, bai datuak sartzeko eta baita ateratzeko ere. 1948an Binac ordenagailuak elektromekanikoki kontrolaturiko idazmakina bat erabiltzen zuen, bai datuak zuzenean zinta magnetikoan sartzeko eta baita emaitzak inprimatzeko ere. Idazmakina elektrikoa sortzeak aurrerapauso bat ekarri zuen idazmakina eta ordenagailua uztartzeko bidean. 1964an MITek, Bell Laborategiek eta General Electric-ek lankidetzan Multics izeneko sistema informatiko bat garatu zuten. Hor izpi katodikozko pantaila eta idazmakina elektrikoa konbinatzen zuen lanpostu bat erabili zuten. Erabiltzaileak pantaila ikusten hasi ziren idazmakinan idazten zutena.
