TEKNOLOGIA BERRIAK

Informazio bilatzaileak

Internet, sareen sarea, azken hogeita hamar urteetan garatua izanik, oso tresna indartsua da gaur egungo gizakiarentzat. Komunikazio-kanal berri nagusi bihurtu da hiritar askorentzako, posible egiten baitu informazioa bidaltzea eta jasotzea, orain arte ezezaguna zen autonomia- eta espezializazio-maila batekin. Eguneroko bizitzan erabiltzen da, gero eta gehiago, ia giza jarduera guztietan.

Etxetik lan egiteko, edozein artikulu erosteko, bidaiak prestatzeko, medikuari kontsulta egiteko, bankuko transakzioak edo gestio burokratikoak egiteko eta abarrerako aukera ematen dizu. Egun, ezagutzeko dagoen mundu bat da sarea.

Baina informazioa bizkor eta ganoraz bilatzeko, ez da aski sarean konektatzea, galdeketa-lengoaia bertako hizkuntza erabiltzen ere jakin behar da, dauzkan aukera guztietara heltzeko. Hori errazteko jaio ziren Ameriketako Estatu Batuetan bilatzaileak.

Bilatzaileak, sare guztian informazio bilatzeko aukera eskaintzen duten Internet orriak dira. Arau sinple batzuk betez, web orrietarako esteka edo linken bidez hel daiteke eskatutako informaziora. Interneteko aurkibideak direla esan daiteke.

Yahoo! bilatzailearen asmatzaile gazteak -David Filo eta Jerry Yang- aberastu egin ziren. Gaur egun, ostera, sarean dagoen bilatzailerik indartsuena Google da.

Gaur egun gure artean gehien erabiltzen direnetako zenbait hauexek dira:

Euskara hutsezko atari bat ere badago, euskaraz.com. Bertan informazioa bila dezakezu, bere foroetan eztabaidatu, edo beste euskaldun batzuekin txateatu.

Bilatzaileak bi motatakoak izan daitezke:

  • Bilaketa-motorrak. Bilatzaile hauek web guztia arakatzen dute; hau da, testu-eduki guztia, eskatu dugun informazioaren bila.
  • Bilaketa-aurkibideak. Bilatzaile hauek web-eko datu nagusiak kontsultatzen dituzte, eta gure eskariarekin konparatzen dituzte.

Bilatzaile hauen sekretua bot delakoak dira, bilatzaileen zerbitzura dauden robot informatikoak, sarea etengabe arakatzen aritzen direnak -web orri berrien edo berrituen bila-. Horrela eguneratzen diote datu-basea bilatzaileari, ahalik eta informazio gehiena eta eguneratuena eskaintzea ahalbidetuz.