TEKNOLOGIA BERRIAK

Telebista interaktiboa eta etxebizitza inteligenteak

Duela urte batzuk jaio zen telebista interaktiboa, oraindik ez oso zabaldua Espainiako Estatuan, baina herrialde askok eskaintzen dutena jadanik, telebista konbentzionalaren beste zerbitzu bat bezala.

Telebista interaktiboa komunikazio-sistema totala da, eta bere eskaintzen artean web orrietara iristea, programa interaktiboak, programak eta denetariko produktuak erostea, telebanka, telemedikuntza, etab daude. Izan ere, telebistak obeditu egiten ditu ahotsaren, ukipenaren edo urrutiko agintearen bidezko aginduak.

Gaur egun, uhinen bitartez iristen zaigu informazioa hargailura, eta gure ekipoak ezin dio bueltan seinalerik bidali enpresa igorleari, baina telebista interaktiboak ezinbestekoa du informazioa behar bezala bidaltzeko modu bat. Gaur egun, kable bidezko telebistak hori posible egiten du. Honela, seinaleak jaso ez ezik, gure telebistak bidali ere egin ditzake, sarean ibiltzeko behar den interaktibitatea ahalbidetuz.

Vía Digitalek kirol-emanaldi edo futbol-partida batzuetan bere harpideen aukeran jartzen du kameraren angelua. Suedian egindako Eurovision Jaialdian, teleikusleek urrutiko agintea erabiliz aukeratu zuten beren gustuko kantaria.

Sareak eskaintzen dituen aukerei buruzko ikerketak etengabeko aurrerabidean doaz, gehienbat erabilpen domotikoak kontuan hartzen baditugu, beste era batean antolatzen baitute eguneroko bizitza. Horiei esker gure etxeko egoera kontrola dezakegu: esate baterako, etxeko kamerak bulegoko ordenagailuarekin konektatuz, etxetresnen funtzionamendua kontrolatu dezakegu. Etxean edo eskolan dauden seme-alabak ere ikus ditzakete gurasoek, leku bakoitzean kamerak ipinita.