Egile eskubideak
- LINK: Kanpo loturak (1)
Batzuek uste dute Interneten ateratzen den informazio guztia askatasun osoarekin erabil daitekeela. Hala ere, publikoari irekita dagoen sarea den arren, webeko edukiek egilearen eskubideen legedia bete behar dute, sormen intelektualak baitira, beraz, eduki horiek grabatzeko eta publikoki banatzeko egilearen baimena behar da.
Plagio-deliturik ez egiteko, beharrezkoa da obraren egilea aipatzea. Bestela, isunak ordaindu behar izateko eta kartzelara joateko arriskua dago.
Espainako Estatuan, egilearen eskubideak batez ere Jabetza Intelektualari buruzko Legean jasota daude. Zehazki, Jabetza Intelektualari buruzko Legeko 10. artikuluan, honakoa esaten da: "Jabetza intelektualaren babesa dute literaturako, artearen alorreko eta zientziako sormeneko lan original guztiek, edozein baliabide edo euskarriren bidez, ukitu ahal diren eta ezin diren, egun ezagunak direnen edo etorkizunean asmatzen direnen bidez adieraziak...".
Definizio horretan, sarean dauden testu-mota guztiak, bideo-grabazioak, audio-grabazioak, irudiak, animazioak, datu-baseak edo software-programak sartzen dira.
Etorkizunean izan daitezkeen plagioak saihesteko, edo atzeman badira behintzat plagioei aurre egiteko, legezko bi tresna daude gaur egun: Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorra eta Bidegabeko Lehiaren Legea.
- Lehenengoari dagokionez, sormen-lana Jabetza Intelektualaren Erregistro Orokorrean erregistratu behar da. Erregistro horretan, lanaren jabe edo egilea den enpresaren izena, bai eta erregistratzen den eguna ere adierazi behar dira. Sormen-lanaren data eta egilea egiaztatzeko beste era bat notarioaren akta da. Musika, irudiak, bideoak edo grafikoak babesteko ere ur-markak, hatz-markak edo datu-fitxategi txikiak erabil daitezke. Era berean, data probatzat baliagarria izan dadin, notarioaren aurrean erregistratzea ere beharrezkoa da.
- Bestalde, obra erregistratu gabe badago, Bidegabeko Lehiari buruzko Legeaz baliatzeko aukera dago. 11.2 artikuluan honakoa adierazten da: "hirugarren baten prestazioen imitazioa bidegabetzat joko da, baldin kontsumitzaileek prestazio horrekin elkartzeko egokia bada, edo bestearen izen onaren edo ahaleginaren aprobetxamendu bidegabea egiten bada".
DOI sistema
DOI (Digital Object Identifier) sistema sare digitaletan dauden jabetza intelektualeko eskubideak bete behar dituzten edukiak modu automatizatuan identifikatzeko eta trukatzeko sortutako sistema da.
DOI guztiak desberdinak dira, eta bi elementurekin osatzen dira, aurrizkiarekin eta atzizkiarekin. Bi elementu horiek banaketa-barra batekin (/) bereizten dira. Barra honen ezkerreko aldean zenbaki bat jartzen da (aurrizkia). Horrek erakundea identifikatzen du eta bakarra izan behar du. Aldez aurretik, zenbaki hori International DOI Foundation-ek edo haren agentzia erregistratzaileetako batek esleitzen du. Banaketa-barraren eskuineko aldean kodea dago (atzizkia).
Kode hori, aldiz, erregistratzen den erakundeak esleitzen du. Kode hori kate alfanumerikoa edo ISBN (International Standard Book Number) bezalako beste identifikadore bat izan daiteke. DOIak Corporation for National Research Initiatives korporazioak kudeatzen duen Handle sisteman biltegiratzen dira.
DOI sistemaren aplikazioen artean, besteak beste, artikuluen, irudien, softwarearen eta abarren DOIak aipatutako erakundean gordetzeko aukera nabarmen daiteke. Izan ere, horrela, aipatu egin daitezke eta beste erakunde batzuekin lotu.
Gaur egun DOI sistema erabiltzen duten enpresa gehienak argitalpen-sektore tradizionalean hasi eta on line eremura pasatu diren enpresak dira.
