Ordenagailu pertsonalaren historia
- TEST: Egia edo gezurra?
- ANIMAZIOA: Ordenagailuaren osagaiak
- EXTRA: Miniaturizazioa eta teknologien integrazioa
- LINK: Kanpo loturak (3)
Mikroprozesadorearen sorrera
Kalkulagailu-fabrikatzaile japoniar batek 1969an Intel osagai elektronikoen fabrikatzaileari zirkuitu integratu bat enkargatu zion, egiten zituzten kalkulagailuetan txertatzeko. Baina, Intelek ikusi zuen, ohikoak zituzten prozedurak erabiltzen bazituzten zirkuitu hura egiteko, kalkulagailua garai hartako miniordenagailuak bezain garestia irtengo zela, eta haiek zuten ahalmena ez zuela izango. Beste zerbait planteatu behar zutela erabaki zuten. Kalkulagailuaren zirkuitu logikoak txiparen barruan elkarrekin konektatzen ibili gabe, pentsatu zuten hobe zela kalkulagailuaren funtzioak izango zituen txip programagarri bat egitea.

Intel 4004 mikroprozesadorea. Kalkulagailu baten garuna izateko jaio eta antzinako ordenagailu erraldoiak bezain ahaltsua zen erabilera orokorreko mikroprozesadore bihurtu zena.
Azken finean, siliziozko bloketxo txiki-txiki batean ordenagailu bat, gaur egun mikroprozesadorea deitzen duguna, egitea pentsatu zuten. Osagai berriari 4004 deitu zioten, horixe zelako ordezkatuko zuen transistore-kopurua. Alabaina, orduan beste arazo bat sortzen zitzaion Inteli, teknologi aldaketa kualitatibo garrantzitsu bat merkeegi jartzera baitzihoazen japoniarren eskuetan. Erraz konpondu zuten, halere, arazoa, japoniarrak ez zirelako ohartu aldaketak zuen muntaz, eta eskubide esklusiboei uko egin zietelako osagaia merkexeago lortzearren. Geroago, 4004 hartan oinarrituta, Intelek beste mikroprozesadore bat egin zuen, 8008 izenekoa, Computer Terminal Corporation (CTC) etxearentzat, baina beste bezero batzuei saltzeko eskubideari eutsiz.
Lehen sistema eragileak
Hurrengo urratsa mikroprozesadoreentzat lengoaiak eta programak egitea izan zen, bestela ez baitziren ezertarako. Horrela jaio zen mikroprozesadoreentzako lehen sistema eragilea, CP/M izenekoa. Bi elementu osagarri hauekin bidea irekita zegoen ordenagailu pertsonala egiteko.
1981eko Osborne ordenagailu honek CP/M sistema eragilea erabiltzen zuen eta 5 hazbeteko monitorea zuen.
Lehen ordenagailu txikiak
1974an egin zen ordenagailu pertsonalaren itxurako lehen makinak, Altair izenekoak, ez zuen izen hau merezi ere, ez zuelako, ez teklaturik, ez monitorerik, eta 256 byteko memoria besterik ez zuen. Datuak sartzeko etengailu batzuez baliatu behar zen eta emaitzak argi batzuen bidez erakusten zituen. Hala ere, harridura handia sortu zuen.
Altair ordenagailua
Lehenengo ordenagailu pertsonalak
1977an, Tandy Corporation etxeak teklatua eta monitorea zituen lehen ordenagailu pertsonala egin zuen eta 1980an Silicon Valley-ko beste hainbat enpresa ere, hala nola, Apple, Osborne eta Commodore ordenagailu txikiak egiten eta poliki saltzen ari ziren. 1981ean IBM ordenagailu-fabrikatzaileak IBM PC makina sortu zuen Intel 8088 mikroprozesadorearekin eta Microsoftek prestatu zion DOS 1.0 sistema eragilearekin. Sekulako arrakasta izan zuten: bost urtean hiru milioi makina saldu ziren. Ez zen, ordea, jende arruntarentzat erabilera errazekoa. Ez zituen gaur egun arruntak iruditzen zaizkigun leihoak eta sagua erabiltzen, nahiz eta ordurako Xerox-ek baliabide hauek asmatuak eta erabiliak zituen eta Apple etxeak ere bazuen erabilera errazeko Lisa ordenagailua horietan oinarritua.
Apple-ren Lisa 2 ordenagailu pertsonala
1984an Apple-k Lisaren ondorengoa zen lehen Macintosh-a atera zuen eta urtebete geroago Microsoft-ek Windows 1.1 leihotan oinarrituriko sistema eragile bat Apple-rena baino askoz pobreagoa.
Windows 1.0ren pantaila
Leihoak, ikonoak eta sagua, erraztasunaren gakoa
1987an hasi ziren irteten WYSIWYG aplikazioak (alegia, leihoez eta saguaz baliatuz eragiketa guztiak burutzeko gai direnak). Hauetan lehena Aldus etxeak atera zuen PageMaker, dokumentuak maketatzeko aplikazioa, izan zen. Urte horretan bertan Microsoftek kaleratu zuen Windows 2.0 bere senide zaharragoa baino askoz gehiago hurbiltzen zitzaion MacOSri. Hortik aurrera Windows sistema eragilearen ondoz ondoko bertsioak merkatua ia guztiz bereganatzen joango ziren eta Macintosharentzat edizio-mundua bakarrik geratuko zen, esate baterako. Bitartean, jakina, urtez urte makina ahaltsuagoak, aplikazio sofistikatuagoak, sare informatikoak, kablerik gabeko konexioak, etab. garatzen joan dira teknologia hau bizitzaren arlo guztietan ezinbesteko bihurtzeraino.
2004ko ordenagailu eramangarria
Linux sistema eragilea
Linux sistema eragilearen logotipoa
Linux sistema eragile bat da, hasieran denbora-pasa gisa garatu zuena, Helsinkiko Unibertsitatean, Linus Torvalds izeneko ikasle gazte batek. UNIX sistema eragilearen bertsio murriztu batetik abiatuta, lau urteren buruan, 1994an, Linuxen lehen bertsioa atera zuen. Sistema honen iturburu-kodea edonork eskura dezake eta Lizentzia Publiko Orokorraren baldintzetan erabili. Gaur egun enpresa, erakunde eta gizabanako anitzek atera ditu Linuxen muinean oinarrituriko sistema eragileak. Software askea izateaz gain, Linuxek baditu beste abantaila batzuk: erraz egokitzea eta egonkortasuna batez ere. Gaur egun informatika-etxe handi batzuk eta hainbat lekutako herri erakundeak Linux sistema eragilea onartzen ari dira eta batez ere zerbitzaritan erabiltzen. Ordenadore pertsonalean erabiltzeko ere hainbat aplikazio daude gaur egun Linuxentzat. Besteak beste, euskaraz ere badagoen Open Office aplikazio-multzoa.
