TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Ordenagailu pertsonalaren historia

Miniaturizazioa eta teknologien integrazioa

Transistorea etengailu elektroniko bat da. Transistoreak asmatu aurretik, hasierako ordenagailuek gela baten tamaina zuten, hutsezko balbula elektronikoak erabiltzen zituzten eta 30 tona eta horrela pisatzen zuten, nahiz eta gaur egun bideo-kontsola bat gobernatzen duen mikroprozesadoreak baino ahalmen gutxiago izan. Transistoreek hutsezko hodiak ordezkatu zituzten. Horren ondorioz ordenagailuak gero eta ahaltsuagoak eta bide batez gero eta txikiagoak bihurtuz joan ziren.

1960ko hamarkadan zientzialariek beste berrikuntza handi bat egin zuten, hutsezko hodien ordez transistoreak erabiltzeaz gain, hainbat transistore siliziozko pastillatxo batean sartzen hasi ziren. Horrela ordenagailuen miniaturizazioa areagotu egin zen. Gaur egungo txipek hamarnaka milioika transistore dituzte.

Ordenagailuen munduan nabari den beste joera bat teknologien integrazioa da. Teknologia berri bat sortzen denean beste zaharrago bat baztertzen da askotan, jakina, baina, horrezaz gain, teknologia berri batek lehendik dagoen beste batekin konbinatzeko aukera izaten du batzuetan eta, orduan, produktu guztiz berriak agertzen dira. Esaten ari garenaren adibide garbia 1990eko hamarkadan agertu diren eskuko ordenagailuen kasua da.

Eskuz idatzitako testuak ezagutzeko teknologian egindako aurrerapenei esker, teknologia hau eta lehendik zeuden beste batzuk konbinatuz, telekomunikaziotako, ordenagailutako eta kontsumitzaileentzako elektronikako enpresek eskuko lehen ordenagailuak merkaturatu zituzten.

Eskuko ordenagailuak, PDA izenaz ere ezagutzen direnak, eskuaren ahurrean har daitezkeen ordenagailu txikiak dira. Esku batez eusten zaien bitartean beste eskuaz maneia daitezke eta erabilera pertsonaleko hainbat programa-mota erabil ditzakete: egutegia, agenda, bulegoko aplikazioak eta beste hainbat. Gainera gai dira beste tresna batzuekin komunikatzeko, dela ordenagailu pertsonalekin, faxekin, sakelako telefonoekin, etab.

Kablerik gabeko telekomunikazioen teknologietan gertatzen ari diren aurrerapenetan oinarrituz, eskuko ordenagailuen bidez Interneteko zerbitzuak erabiltzea egunetik egunera errazagoa da. Kasu batzuetan sakelako telefonoaren funtzioa ere bereganatu dute tresna hauek eta baita beste funtzio batzuk ere, hala nola MP3 musika entzutea edo GPS satelite bidezko posizionamendu-sistema erabiltzea.

Samsung

Samsung M400 telefonoak PocketPC sistema eragilea du, GPS modulua, 300.000 pixeleko argazki-kamera eta telebista hargailua.