TEKNOLOGIA BERRIAK

Sistema eragileak

Sistema eragilea ezinbesteko osagaia dute ordenagailuek

Ordenagailu batek duen programarik funtsezkoena da sistema eragilea. Guztiz espezializatuak diren ordenagailu txikitxoek izan ezik, esate baterako etxe-tresna elektrikoak kontrolatzen dituztenek salbu, ordenagailu guztiek izan behar dute sistema eragilea. Beste programa batzuek funtzionatuko badute beharrezkoa dute sistema eragilea. Sistema eragileak oinarrizko atazak burutzen ditu, hala nola teklatutik sartzen den informazioa jasotzea, pantailara informazioa igortzea, fitxategiak eta direktorioak diskoan non dauden kontrolatzea edo ordenagailuari konektaturiko kanpoko gailuak (inprimagailuak, eskanerrak, diskoak, etab.) kontrolatzea. Sistema handietan eginkizunak konplexuagoak ere izaten dira: aldi berean funtzionatzen ari diren programen eta erabiltzaileen lana kontrolatzea elkarri enbarazu egin gabe, erabiltzaileen baimenak kontrolatzea, etab.

Baliabideak zuhurki banatzen ditu eta ordenagailu bakoitzari berezia izaten uzten dio

Bi eginkizun nagusi ditu funtsean sistema eragile batek:

- hardwarea eta softwarea osatzen duten osagaien kudeaketa eta

- mota bereko ordenagailuetan, nahiz eta hainbat xehetasun desberdin izan, aplikazioek funtzionatuko dutela bermatzea.

Lehenbiziko alderdiari dagokionez, esan daiteke sistema eragileak epaile zuhur baten antzera jokatzen duela: ordenagailuaren baliabideen eskean aldi berean hainbat eginkizun etorrita ere, hauen banaketa egokia egiten du. Prozesadorea, diskoa, memoria, sarrera-irteerako gailuak, etab. lehian egon daitezkeen eginkizunen artean ahalik eta funtzionamendurik egokiena lortzeko moduan banatzen ditu uneoro.

Bigarren alderdiari dagokionez, berriz, aplikazio bakoitza ordenagailu jakin bakoitzean funtzionarazteko berariazko egokitzapenik egin beharrik ez izatea da ekartzen duen abantaila. Berdin ordenagailu bera konfigurazioz aldatzen bada ere: memoria handitu, beste marka bateko inprimagailua konektatu edo diskoa aldatu arren, badakigu aplikazioek egoki funtzionatzen jarraituko dutela, sistema eragileari esker.

Hainbat motatako sistema eragileak daude

Nagusiki lau motatakoak bereiz daitezke:

- Denbora errealeko sistema eragileak: Makinak, laborategiko tresneria eta sistema industrialak kontrolatzen dituzten ordenagailuek erabiltzen dituztenak. Hauetan prozesua da garrantzizkoa, esan nahi baita gertakizun jakin bat une jakin batean gertatzea eta beste batean, aldiz, ez gertatzea. Erabiltzaileak ez du esku hartzeko aukera handirik izaten.

Prozesua

Prozesuak kontrolatzeko ordenagailuek denbora errealeko sistema eragileak izaten dituzte

- Erabiltzaile bakarrarentzako eta ataza bakarrerakoak: Une bakoitzean erabiltzaile bakarrak ataza bat kudeatzeko gai dira sistema eragile hauek. Gaur egun eskuko ordenagailu txikien sistema eragileak izaten dira honelakoak.

PDA

PDAk erabiltzaile bakarrarentzako eta ataza bakarrerako sistema eragilea izaten dute

- Erabiltzaile bakarrarentzako baina aldi berean hainbat ataza kudeatzen dituztenak: Honelakoak izaten dira mahai gaineko ordenagailu pertsonalek eta magaleko ordenagailu eramangarriek izaten dituztenak: Windows XP edo MacOS, esate baterako. Adibidez, gure ohiko ordenagailu pertsonaletan gutun bat testu-prozesadoreaz idazten ari garen denbora berean posta elektronikoko mezu bat igortzen jardun gaitezke.

Ordenagailu eramangarria

Magaleko ordenagailu eramangarrien sistema eragileak hainbat ataza kudeatzen dituzte aldi berean, baina erabiltzaile bakarrarentzakoak dira.

- Hainbat erabiltzaile aldi berean onartzen dituztenak: Honelakoa da, adibidez, Unix sistema eragilea. Ostera, Windows 2000 ez da hainbat erabiltzaile onartzen dituen sistema eragile bat, nahiz eta sare batean dauden hainbat erabiltzaile onartu, hauek kudeatzeko lana programa bakar batek egiten duelako kasu honetan.

Ordenagailu nagusia

Sistema informatiko handietako ordenagailu nagusiek hainbat erabiltzaile aldi berean onartzen dituzten sistema eragileak izaten dituzte

Sistema eragilearen eginkizunak

Ordenagailua piztu orduko funtzionatzen duen programa ROMean gordeta egoten den agindu-multzo bat da, sistemaren hardwarea aztertzen duena, ongi funtzionatzen duela egiaztatzeko.

ROM

Ordenagailua pizten denean ROMean grabatutako aginduek deitzen diote sistema eragileari

Eginkizun hori burututakoan, diskoak lanean jartzen ditu. Hori egin ondoren, hotzean abiarazteko programa kargatuko du diskotik memoriara, hardwarearen atalak gobernatzen hasteko: memorian lekua erreserbatuko die sistema eragileari, erabiltzailearen informazioari eta aplikazioei, azpiatalen arteko komunikazioa eta hauen eta aplikazioen artekoa kudeatuko duten datuen egiturak zehaztuko ditu eta azkenik sistema eragileari utziko dio agintea. Honako sail hauetan bana daitezke sistema eragile batek egiten dituen lanak:

- Prozesadorea kudeatu > - Memoria kudeatu
> - Gailuak kudeatu > - Datuen biltegiratzea kudeatu <
strong>> - Aplikazioekiko harremana ahalbidetu
> - Erabiltzailearekiko harremana ahalbidetu

DOS

MS-DOS

Akronim o hau disk operating system terminoari dagokio oro har, baina normalean Microsoft etxeak kaleratu zuen MS-DOS sistema eragilearen izentzat hartzen da. Hasieran IBMrentzat egin zuten arren, IBMren ordenagailu pertsonalarekin bateragarriak ziren ordenagailu guztien sistema eragilea bihurtu zen. Hasierako bertsioa oso sinplea zen eta lehenagoko CP/M sistema eragilearen antzekoa. Gero hainbat bertsio gero eta aurreratuagoak atera zituzten. Ez zuen, halere, hainbat ataza aldi berean kudeatzeko gaitasunik izan. Ondoren etorri zen Windows-en oinarrian DOS sistema hau zegoen.

 

Microsoft Windows

Windows

Izen honekin ordenagailu pertsonalentzako sistema eragileen familia bat ezagutzen da. Windows-ek dauka ordenagailu pertsonalen munduan nagusigoa, agian %90ek sistema hori erabiltzen du. Erabiltzaileari interface grafikoa eskaintzen dio, hainbat ataza aldi berean burutzea ahalbidetzen du eta hainbat kanpoko gailu kudeatzeko gai da.

 

Unix

Unix

1970eko hamarkadaren hasieran Bell laborategietan garatutako sistema eragilea, hainbat erabiltzaile eta hainbat ataza aldi berean onartzen dituena. Goi-mailako programazio-hizkuntza batean idatzitako lehena izan zen. Horrek ia edozein ordenagailutan funtzionatzeko aukera ematen zion. Malgutasunak eta merkea izateak laster bihurtu zuen unibertsitate-munduan nagusi. Bell laborategiek iturburu-hizkuntzan zabaldu zuten sistema hau. Horrek esan nahi du edonork molda lezakeela bere beharretarako. Hori gertatu egin zen eta urte gutxi barru UNIXen hainbat bertsio zebiltzan hortik zehar. Horrek gauzak konplikatu egin zituen eta estandarizatzeko premia sortu zen.

 

Linux

Linux

Kode irekiko sistema eragilea, hainbat hardware-plataformatan funtzionatzeko gai dena. Sistema honen muina Linus Torvalds-ek garatu zuen gehien bat. Azken urteotan zabalkunde handia izan du.

 

MacOS

MacOS

Apple Macintosh ordenagailuek erabiltzen duten sistema eragilea. 1984an sortu ziren ordenagailu hauek. Merkatuan zabalkundea izan zuten lehenak izan ziren sagua eta interface grafikoa erabiltzen. Sistema honek izan zuen arrakastaren ondorioz beste sistema eragile batzuk, bereziki Windowsek bide bera jarraitu dute.