TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Zuntz optikoa

Zuntz optikoa endoskopian

Endoskopia hitza grezierazko bi errotatik eratorria da: Endon=barruan eta Scopeo=begiratu. Gaur egun kirurgialariek erraztasun handia dute gaixoen barruak ikusteko eta ebakuntza aski konplexuak egiteko, oso ebaki txikiak eginda. Horri esker gaixoak lasterrago suspertzen dira eta gorputzean zauri txikiagoak egiten dira. Sendagileak, berriz, erosoago lan egiten du, begi hutsak lor ez ditzakeen ikuspegiak eskaintzen dizkiolako endoskopioak.

Badira bi endoskopio-mota: zurrunak eta malguak. Zurrunak hodi-itxurako teleskopio txikiak dira, kirurgialariari hezurren arteko giltzaduretan edo gorputzaren barrunbeetan begiratzea eta tresna bereziak erabiliz prozedura kirurgikoak burutzea ahalbidetzen diotenak. Kamera-sistema batekin erabiltzen dira, kirurgialariak ehunen eta organoen oso irudi handitua ikusi ahal izan dezan telebista-pantaila batean. Endoskopio zurrunak giltzaduren kirurgian, hau da artroskopian, sabelaldekoan, hots, laparoskopian,torakoskopia esaten zaion bularraldeko kirurgian eta maskuriaren edo sudurraren barrualdea ikusteko, hau da, zistoskopian eta errinoskopian erabiltzen dira.

Tresna kirurgikoak, hala nola biopsiak egitekoak, sar daitezke endoskopioak duen kanal batean zehar edota zulo gehigarriak irekiz gorputzean. Gasak eta likidoak sar eta atera daitezke bide hauetatik.

Endoskopio malguak hodi luze malguak dira zuntz optikoak barruan dituztenak, irudiak kamerara edo kirurgialariaren begira zuzenean eramaten dituztenak. Oso erabilgarriak dira urdaila eta hesteak barrutik ikusteko, endoskopioak leku horietan bide luze eta bihurgunez beteak egin behar baitituzte. Endoskopio hauei ere eransten zaizkie tresna kirurgikoak.

Endoskopioa

Endoskopioa