«« Itzuli
Bulegotika
Tinta elektronikoa
Bulegoak pantailaz bete zaizkigun arren, oraindik ere papera beharrezkoa dugu. Munduan 280 milioi tona paper gastatzen dira urtero. Horrekin batera, 2.000 urtez, tinta izan da testuak eta irudiak paperean erakusteko era bakarra.
Zerbitzu bikaina eskaini digun sistema honek ere baditu bere mugak. Esate baterako behin inprimatuz gero hitzak aldatzea ezinezkoa da.
Gaur egun bada, ordea, teknologia berri bat muga hau gainditzen duena: tinta elektronikoa deritzona, hain zuzen.
Tinta elektronikoa material berezi bat da. Honen osagai nagusiak milioika mikrokapsula dira, giza ile baten lodiera adinako diametroa dutenak. Mikrokapsula hauetako bakoitzak karga elektriko positiboz kargaturiko zatiki zuriak eta negatiboki kargaturiko zatiki beltzak dauzka, likido garden batean esekiak. Mikrokapsula hauek bi elektrodoren artean daude, bata, kanpoaldean dagoena gardena da. Eremu elektriko bat ezartzen denean elektrodo artean, ageriko elektrodo gardena negatiboa delarik, zatiki zuriak hona hurbilduko dira eta beltzak beste elektrodora. Gainazala zuria ikusten du erabiltzaileak puntu horretan. Alderantzizko polaritatea duen eremuak zatiki beltzak erakutsiko ditu eta zuriak ezkutatu.
Eremu elektrikoa mikrokapsula bakoitzaren mailan kontrolatzen da. Horrela testuak edo irudiak era daitezke gainazalean.
Era askotan sor daiteke behin eta berriz erabil daitekeen "paper" honetan irudi bat. Adibidez, orriak inprimagailu-itxurako tresna baten bidez inprima eta ezaba daitezke edo arkatz antzeko batez.
Material hau oso mehea eta malgua izan daitekeenez, liburu elektronikoak egiteko erabil liteke eta gainera informazioa eguneratzeko aukerarekin.
Egunkariak egiteko ere erabil daiteke material hau. Horrek egunkaria eskuratzeko era ere alda lezake. Esate baterako, egunkaria banatzeko sistema izan daiteke satelite bidez egunkaria dutenei informazioa eguneratzea.
Dagoeneko material hau erabiltzen hasia da saltoki handietan, produktuen salneurriak adierazteko txarteletan. Saltokiko ordenagailutik irrati bidez igortzen dira txarteletara seinaleak, salneurriak eguneratzeko.

