Argazkigintza digitala
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Kameraren funtzionamendua
- BIBLIO: Bibliografia (3)
Kamera digitala
Teknologia berrien etorrera informazioa formatu digitalean erabiltzean oinarrituta dago. Azken finean edozein informazio kodetu daiteke 0 eta 1 zeinuak soilik erabiliz. Kamera digitala orain arte ezagutzen genituen kameretatik bereizten duena ere printzipio horixe erabiltzean oinarrituta dago.
Orain arte ezagutzen genituen kameren funtzionamendua mekanikoa zen eta argazkiak prozesatzeko sistema, berriz, kimikoa. Kamera digitalak, aldiz, ordenagailu bat du barruan eta irudiak baliabide elektronikoak erabiliz jasotzen ditu.

Filmaren ordez argi-sentsorea
Ohiko kamerak film bat behar zuen argazkiak jasotzeko, kamera digitalak, aldiz, ez du filmik behar. Horren ordez argia jasotzen duenean karga elektrikoak sortzen dituen argi-sentsorea erabiltzen du.
Irudi-sentsore hau argiarekiko sentikorrak diren diodo ñimiño askok osatua da. Diodo bakoitzak argiaren fotoiak elektroi bihurtzen ditu. Zenbat eta distiratsuagoa izan diodo batera iristen den argia, orduan eta karga elektriko handiagoa sortzen da puntu horretan.

Argazki-kamera digital baten irudi-sentsorea
Bereizmena
Kamera batek jaso dezakeen puntu-kopurua da bereizmena. Zenbat eta bereizmen handiagoa izan, orduan eta xehetasun gehiago jasotzen ditu. Puntu horietako bakoitzari pixela esaten zaio. Hona hemen argazki-kamera digitaletan aurkitu ohi diren bereizmen batzuk:
256x256 pixel. Oso kamera merkeek bakarrik izaten dute bereizmen hau. Oso irudi-kalitate kaskarra ematen du.

256x256 pixeleko bereizmena duen kamera merkea
640x480 pixel. Bereizmen hau duen kamera batez ateratako argazkiak egokiak izan daitezke posta elektronikoz bidaltzeko edo web gune batean jartzeko.

640x480 pixeleko bereizmena duen kamera du sakelako telefono honek
1280x960 pixel. Bereizmen honetatik aurrera has daiteke argazkiak txukun samar inprimatzen. 1.228.800 pixel dira guztira. Milioi bat pixeli megapixel esaten zaio. Kameren bereizmenak megapixeletan emateko ohitura dago.

1,2 megapixeleko kamera
Bereizmen handiko kamerak - Gaur egun badira merkatuan oso bereizmen handiko kamerak, filmdunak baino kalitate hobea ematen dutenak. Hona hemen 13,9 megapixeleko kamera bat:
13,9 megapixeleko bereizmena duen kamera
Kamera digitaletik paperera
Kamera digitalez ateratako argazkiak paperean inprimatzeko hiru bide nagusi daude gaur egun:
Tinta-zurrustazko inprimagailu batean inprimatzea. Amateur mailako argazkilariek erabiltzen dute. Badira gaur egun ordenagailuaren beharrik ez dutenak.; kamerari zuzenean konektatzen zaizkionak, alegia.
Sublimaziozko inprimagailu batean inprimatzea. Tinta-zurrustazkoak baino kalitate hobea ematen du.
Argazki-denda batera euskarri digitalean eramatea edo Internet bidez igortzea laborategiko kalitatean inprimatzeko.
