TEKNOLOGIA BERRIAK

«« Itzuli

Argazkigintza digitala

Kameraren funtzionamendua

Kamera digitalak filma erabiltzen duten kamera tradizionalen oso antzekoak dira funtsean. Kamerak aurrean duenetik datorren argitasuna lenteak fokalizatzen du barruan. Diafragma zulo bat da argitasun gehiago edo gutxiago igarotzen utz dezakeena. Kliskagailuaren bidez mekanismo batek denbora luzeagoan edo laburragoan mantentzen du argitasuna igarotzen diafragman zehar.

Diferentzia filmean eta sentsorean dago. Ohiko kamerak filma duen lekuan digitalak sentsorea du. Kliskagailuaren botoia sakatzen denean kamera digitalean, argitasun-neurgailu batek lentea zeharkatzen duen argitasuna neurtzen du eta diafragma eta irekiera-abiadura doitzen ditu argazki egokia ateratzeko. Botoia askatzen denean argia unetxo batez igarotzen da eta sentsorea jotzen du. Honen pixel bakoitzak datorkion argiaren distiraren araberako karga elektrikoa sortzen du. Zenbat eta argitasun handiagoa orduan eta karga elektriko handiagoa. Argia igarotzen uztea amaitzen denean pixel bakoitzaren karga neurtzen da eta horren araberako zenbaki digital bat sortzen da. Pixel guztiek sortzen dituzten zenbaki guztien multzoa erabil daiteke orduan irudia pantailan edo paperean berregiteko.

Harrigarria badirudi ere, pixelek distira soilik jasotzen dute, kolorerik ez. Hala ere argazki-kamera digitalek koloretako argazkiak eskaintzen dizkigute. Nola liteke hori?

Argazki bateko koloreak oinarrizko hiru koloreen bidez sortzen dira, alegia gorriaren, berdearen eta urdinaren bidez. Hiru koloreen kopuru berberak nahasten direnean emaitza kolore zuria da. Horixe da ordenagailuen eta telebisten pantailetan erabiltzen den sistema.

oinarrizko koloreak

Eguzkiaren argia argi gorriz, berdez eta urdinez eratua dagoenez, kolore hauei dagozkien irazkiak ezartzen badira argi-sentsorearen pixelen aurrean koloretako irudiak sor daitezke.

Puntu bakoitzak dagokion irazkiak igortzen dion argitasunaren distira bakarrik jasotzen du. Hau da, irazki gorria duen pixel batek argi gorriaren intentsitatea zenbatekoa den bakarrik daki. Beste bi koloreen intentsitateak ez dira pixel horretan neurtzen, baina inguruetako pixeletan neurtzen diren balioen interpolazioa eginez kalkulatzen dira puntu horretan beste bi koloreek duten intentsitatea. Neurtutako balioa kalkulatutako beste biekin konbinatuz ateratzen da puntu horri dagokion kolorea. Honek kalkulu-kopuru izugarria egitea eskatzen du, zeren eta puntu bakoitzaren kolorea zehazteko inguruko zortzi puntuenak erabili behar baitira. Beraz, argazki bat ateratzen dugun bakoitzean milioika kalkulu egin behar dira segundo batzuetan kamerak irudia jaso dezan. lan hori guztia mikroprozesadore batek egiten du.

irazkia

Irazki berdeen kopurua beste koloretako irazkien kopuruen bikoitza da, giza begia sentikorragoa delako berdearekiko eta horregatik garrantzitsua delako kolore hau zehaztasun handiaz erabiltzea.