Etxeko zinema
- TEST: Egia edo gezurra?
- EXTRA: Telebista digitaleko sistemak
- EXTRA: Soinu inguratzailearen formatuak
- BIBLIO: Bibliografia (1)
Zer du zinema-aretoak gure etxeko salak ez duena?
Nola edo hala definitzeko, esango dugu etxeko zinema filmak etxean ikustea zinema-areto batean ikustearen antzeko bihurtzea ahalbidetzen duen osagai elektronikoen multzoa dela. Esate baterako, zinema-aretoetan filmak ikusten ditugunean soinuak inguratu egiten gaitu, etxeko telebista arrunt batean ikusten ditugunean ez bezala.
Zinema-aretoko sentsazioak etxean lortu ahal izateko, etxean dugun egoera zinema-aretoan dagoenaren antzeko bihurtu behar dugu.
Ikus dezagun, bada, zer dagoen aretoan gure etxeetan ez dena:
1) Zinema-aretoan soinua ez datorkigu pantailatik bakarrik, inguru guztitik baizik. Zinema-aretoetan hiru bozgorailu izaten dira pantailaren atzean, bata eskuinean, beste bat ezkerrean eta hirugarrena erdian eta beste bozgorailu batzuk aretoan banatuta. Gainera soinu-bandaren atal batzuk leku batetik etortzen zaizkigu eta beste batzuk beste leku batzuetatik. Pantailaren ezkerraldean norbaitek hitz egiten duenean soinua ezkerreko aldetik etortzen zaigu batez ere. Hegazkin bat aurretik atzera igarotzen bada gainetik, hark ateratzen duen zarata ere hasieran aurretik etorriko zaigu, baina gero eta atzeragotik etortzen joango zaigu, hegazkina atzerantz joan ahala.
2) Beste desberdintasun bat etxeko telebistaren eta zinema-aretoaren artean pantailaren tamaina da. Aretoan ikus-eremuaren zati handi bat hartzen du pantailak, ikusleak filmaren barruan sentitzen du bere burua. Iluntasunean beste ikustekorik ez da eta gauzak bizitza errealean baino handiagoak ikusten dira. Zinemako proiektoreek oso irudi garbia eskaintzen dute, telebistek baino askoz hobea, eta mugimenduak ere naturalagoak dira.
Etxeko zinemaren osagaiak
Aretoko zinemaren abantaila horietara hurbiltzeko ahalegina da etxeko zinema. Horrelako instalazio batek gutxien-gutxienez honako elementu hauek behar ditu:
1) Gutxienez 27"-ko pantaila duen telebista bat, irudi onak ematen dituena.
42"-ko pantaila duen plasmazko telebista
2) Gutxienez lau bozgorailu eta ikuslea inguratzen duen soinuaren seinalea zatitu eta bozgorailuetara igortzen duen tresna bat.
3) Soinu inguratzailea duten filmak telebistara igortzeko sistema bat, dela diskotik, dela telebista-programa batetik.
Gutxieneko hauetatik gora joan daiteke, gastatu nahi den diruaren arabera.
Kalitate handiko sistema, audioa eta bideoa DVD diskoetatik erreproduzitzeko.
Soinu inguratzailea
Esan bezala, zinema-aretoaren abantailarik handienetako bat soinu inguratzailea da. Hona nola lortzen den hori:
Ikuslearen aurrealdean bi edo hiru bozgorailu behar dira eta beste bi edo hiru alboetan edo atzealdean. Audioko seinalea hainbat kanaletan banantzen da eta bozgorailu bakoitzak dagokion seinalea bakarrik jasotzen du. Soinu nagusiak aurreko bozgorailuetatik iristen zaizkio ikusleari. Pantailaren ezkerraldean zerbaitek edo norbaitek soinua ateratzen duenean, pantailaren ezkerreko aldean dagoen bozgorailutik gehiago entzuten da. Berdin eskuinaldeko soinuen kasuan eskuineko bozgorailuarekin. Aurrealdeko hirugarren bozgorailua erdian egoten da, pantailaren gainean edo azpian. Garrantzi handia du erdiko bozgorailu honek. Ezkerreko eta eskuineko soinuak lotzen ditu, eta elkarrizketa guztiak eta aurrealdeko soinuak handik datoz.
Ikuslearen atzealdeko bozgorailuek filmean agertokitik kanpo gertatzen diren gauzek ateratzen dituzten soinuak erreproduzitzen dituzte: ikusten ez den auto batek igarotzean ateratzen duen zarata, adibidez. Aurrealdeko bozgorailuekin konbinazioan mugimenduaren sentsazioa ematen dute, adibidez aurretik atzera igarotzen den tren batek ateratzen duen zarata erreproduzitzen dutenean.
Etxeko zinemaren osagaiak.
Soinu inguratzailearen hargailua.
Tresna honek hainbat iturritatik har ditzake seinaleak: DVD irakurgailu batetik, sateliteko, lurreko edo kable bidezko telebistatik. Seinale hauek interpretatzen eta anplifikatzen ditu eta irteerako gailuetara bidaltzen ditu, hau da, telebista-hargailura eta bozgorailuetara.
Pantaila handiko telebistak
Oso soluzio desberdinak daude merkatuan. Salneurritan eta kalitatean alde handia dago batzuetatik besteetara. Salneurria gehiena baldintzatzen duten faktoreak tamaina eta digitala izatea edo ez izatea dira.
Ohiko telebistak. Izpi katodikozko hodia eta kanalak sintonizatzeko zirkuituak dituzte. Aurkitzen den tamainarik handiena 32koa izaten da, hodiak tamaina aldetik mugak dituelako. Gainerakoan kalitate ona ematen dute. Tamaina aukeratzeko garaian kontuan izan behar da ikuslearen eta aparatuaren artean zenbateko tartea izango den. Arau gisa esan daiteke pantailaren neurriak tarte horren herena izan behar duela. Hurbilago jarriz gero irudia okerrago ikusten da. Kontuan izan behar da irudia lerroka osatzen dela irudia eta lerro-kopurua berbera dela telebista handientzat eta txikientzat, beraz, txikietan irudia hobeto ikusten dela. Bestalde, pantaila beltza eta laua baldin bada irudi hobea lortzen da.
Proiektoredun telebistak. Ohiko telebistak baino handiagoa nahi izanez gero, soluzio bat proiektoredun telebista izan daiteke. Hauek ez dute erabiltzen izpi katodikozko hodi bakarra ohikoek bezala eta pantailaren atzean dagoen proiektore bat dute. Oinarrizko kolore bakoitzeko izpi katodikozko hodi bat dute; hiru guztira: gorriarena, berdearen eta urdinarena. Hodi hauek ispilu batera botatzen dituzte irudiak eta konbinazioa pantaila batera joaten da.
Proiektorea eta pantaila. Kasu honetan proiektorea ikusleen atzean jartzen da eta oihalezko pantaila baten gainera proiektatzen da irudia zinema-aretoan egiten bezala. Pantailaren tamaina gelak bakarrik mugatzen du. Proiektoreak nahikoa potentzia behar du, irudi argitsua eskaintzeko (2.000 lumen inguru). Instalatzeko garaian beste sistemak baino gogaikarriagoa da eta baliteke profesionalaren laguntza behar izatea. Gela ilun samar egotea eskatzen dute eta gainera aparteko sintonizadorea behar izaten dute.
Atzetik aurrera proiektatzen duen aparatua
LCD, TFT eta plasma. Azken urteotan telebista digitala ari da nagusitzen, dela satelite bidezko sistemetan, dela kable bidezkoetan eta baita lurrekoetan ere. Sistema honek abantaila handia du, izan ere, irudia, ohiko telebistan ez bezala puntuz puntu transmititzen da eta ez igortzen den puntutik jasotzen denera inolako interferentziarik gabe transmititzen da. Horregatik irudiak oso kalitate ona du.
Era bateko baino gehiagotako pantaila digitalak daude. Erabiltzen den teknologiaren arabera LCD, TFT eta plasmazko pantailak bereizten dira. LCD eta TFT ia berdinak dira, zeren eta LCD mota berezi bat besterik ez baita TFT. Biak dira kristal likidozko pantailak baina TFT sisteman pantailako puntuetan kolorearen konmutazioa egiteko, transistore-matrize bat erabiltzen da. Horrela lastertasuna irabazten da pantailan eta irudi naturalagoa lortzen da.
Plasmazko pantailak materiaren egoera horretaz baliatzen dira. Teknologia konplexua eta garestia da oraingoz.
DVD irakurgailuak eta grabagailuak
DVD grabagailua eta LCD pantaila.
Dagoeneko zintazko bideoa baztertuxea dago. Horren ordez DVD diskoak erabiltzen dira gero eta gehiago. Oso kalitate oneko irudiak eta soinua eskaintzen dituzte hauek. Zehazki soinu inguratzailerako kodetuta egoten dira.
Bestalde, filmaz gainera haren inguruko beste eduki batzuk ere izaten dituzte: aktoreekin elkarrizketak, filmazioari buruzko dokumentalak, etab.
Abantaila hauek guztiak direla eta, DVD irakurgailua etxeko zinemaren osagai garrantzitsua da.
DVD irakurgailuak ez ezik DVD grabagailuak ere arruntak bihurtzen ari dira.
