«« Itzuli
Etxeko zinema
Telebista digitaleko sistemak
Etxeko zinema jarriz gero, merezi du DVD irakurgailua edukitzeaz gain telebista digitala hartzeko sistema ere izatea, horrek emango baitigu etxean jarri dugun sistemaren kategoriari dagokion kalitatea.
Telebista digitala etxean izateko, hiru sistema ditugu gure artean eskura:
Satelite bidezko telebista. Zerbitzu hau eskaintzen duen etxe batean abonatu behar dugu. Antena parabolikoa eta deskodegailua beharko ditugu. Sateliteak igortzen digun seinalea digitala izan arren, jende gehienak telebista analogikoa izan duen bitartean deskodegailuak seinale digitala analogiko bihurtzen zuen. Transmisio analogikoarekin baino kalitate hobea lortu izan da, baina transmisio digitalaren abantailak ez dira guztiz aprobetxatu izan. Oraingo deskodegailuak telebista digitalei seinale digitalak sartzeko gai dira.
Satelite bidezko telebista leku guztietara iristen da.
Kable bidezko telebista.
Bizi zaren lekura kable bidezko zerbitzu digitalak (telebista eta Internet) operadoreren batek eramaten baditu, abona zaitezke zerbitzu horietara.
Lurreko telebista digitala.
Lurreko telebista digitala ohiko antena erabiliz hartzen da eta doan da. DVDaren kalitateko irudia eta soinua eskaintzen ditu eta erabiltzailearen eta igorlearen arteko interaktibitatea ahalbidetzen du.
Sistema honek laster ohiko sistema analogikoa ordezkatuko du legeak aginduta. Seinalea erabiltzeko, sintonizadore berezi bat behar da. Telebista digitala erosteko garaian kontuan izan behar da pantaila bakarrik erosten den edo pantaila digitala sintonizadore eta guzti.
