TRADIZIOAK

Errituak

Errituak
Gizarte guztiek dituzte beren erritoak. Horietako asko bere horretan iraun dute antzina-antzinatik, nahiz beste asko berriagoak diren. Kultura desberdinen arteko eraginen ondorioz edo gizarte honetako gorabehera historikoak aldatu izanagatik sortzen dira.

Erritoak kanpo-adierazpide plastikoak dira, jaien edo ospakizunen bitartez adieraziak. Horien oinarrizko ezaugarrietako bat gizarte-izaera da, hau da, gertaera jakin bat gizarte osoari edo talde bati ezagutzera emateko modu bat dira.

Erritoek, batzuetan, beren funtsezko esanahia galdua eduki dezakete praktikatzen dutenentzat. Sarritan, horien jatorria oso antzinakoa izaten da eta jada desagerturik dauden xehetasun eta gertaerekin loturik daude. Gura arbasoen pentsamoldeak irudikatzen dituztenez, gizarte baten iraganaren eta bere orainaren arteko zubi bilakatzen dira.

 
Urtaroak erritu desberdinekin ospatzen dira kultura askotan.
Bizi-zikloekin zerikusia duten errituek denboraren iragaitea neurtzen dute. Kultura guztiek errito edo jai baten ospakizunaren bitartez markatzen dute trantsizio hori, eta horien artean, bi eratakoak bereiz genitzake: pertsona bakoitzaren denbora indibiduala neurtzen dutenak, pertsona hori jaiotzen denetik hiltzen den arte, eta gizartearen denbora-prozesua arautzen dutenak, esate baterako hilabeteak, urtaroak, ilargi-faseak, urteak, etab. bereiziz.
Naturaren aldaketa klimatikoek asko baldintzatzen zituzten antzinako herri ehiztari edo nekazariak. Horregatik ospatzen zituzten errituak; urtaro berriaren etorrera, festen, dantzen edo otoitzen bidez. Erritu horiek naturari edo beren ustez natura gidatzen zuten jainkoei zuzentzen zizkieten.
Bazenekien…
Festetan, urtaro berriak uzta eta ehiza oparoa ekar ziezaiela eskatzen zuten. Haietan bikotea bilatzeko erritu bihurtzen ziren dantzak ere egiten ziren, eguraldi ona ugalkortasunarekin lotzen baitzen, oro har.

Gaur egun ere, udaberriko, udako, udazkeneko eta neguko festak bereizi egiten ditugu erritu horien oroimenean.

Egutegiko data seinalatuetako ospakizunek ere zerikusia dute denboraren neurketarekin. Urteberria, adibidez, bere errituak dituen kultur adierazpena da. Mendebaldean, ordulariko hamabi kanpaiak entzutea eta hamabi mahatsak jatea urte berria elkarrekin ospatzeko biltze-erritu bat da.

Erritu-mota horren barruan, herri bakoitzaren adierazpen partikular anitz daude, baita familia barruan ere. Kandelak jartzea, datorren urterako desirekin idatzitako papera erretzea, kolore jakin bateko barruko arropa janztea etab. urteberriko errituak dira.

Solstizioak edo izar eta planeten mugimenduarekin loturiko beste une jakin batzuk erritoak ospatzeko motibo izan dira ia kultura guztietan. Horiei gaitasun onuragarriak egozten zizkieten, aldatzeko edo berritzeko une bezala ikusten baitzituzten eskuarki.