 |
 |
|
Egutegi zelta, adibidez, funtsezko lau festen arabera zegoen antolatuta. Zeltentzat, urtea azaroaren 1ean hasten zen eta, egun horretan, hildakoak eta biziak elkarrekin komunikatzen ziren. Festa hori mantendu egin da: kristauen Santu Guztien Eguna eta anglosaxoien Halloween ospakizuna. Zeltak Danubioren ibarretako herri gerrazalea eta artzain herria ziren. Beren erlijioak harreman hertsia zuen naturarekin. Haritza gurtzen zuten, adibidez, eta, udaberrian, beren etxeak haren adarrekin estaltzen zituzten, babestuko zituelakoan. |
 |
|
Nilo ibaiak agertzen zituen aldaketen arabera mugatu zituzten egiptoarrek urte-sasoi desberdinak, ibai horrek urtero-urtero gainezka egiten baitzuen ordularirik zehatzenaren doitasunaz, eta ur-goraldiak ere egun berean hasten ziren urtero. Zeruko erreferentzia nagusia Sirio izarra zen, zeruko izarrik distiratsuena. Bere izenak "distiratsu" esan nahi du, eta bere irteera udako solstizioarekin bat zetorren, eguzkiaren jai handiarekin, baita Nilo ibaiaren ur-goraldiarekin ere. Zibilizazio honetako biztanleentzat urte-sasoiak hiru ziren: uholdeak, ura desagertzean soroak agertzen zirenekoa eta lehortea. Egiptoarren urteak 12 hilabete zituen, 30 egunekoa bakoitza, eta horiei 5 epagomenoak gehitzen zizkioten (osagarriak). Hilabeteak hiru urte-sasoitan banaturik zeuden, eta horietako bakoitza lau hilabetez osatua zegoen. Eguna 24 ordukoa zen, eta gauerdiko 12etan hasten zen egiptoarrentzat. |
 |
|
Hebrearren egutegia nabarmenki erlijiosoa da (denak halaxe dira, baina honakoan froga nabarmenagoak ditugu). Aste guztia larunbataren (shabbath) menpe antolatua dago, eta egun hori atsedenaren eguna da, ezin baita ia ezertxo ere egin. Biblian sustraiturik dago, eta presentzia handia dute jai erlijiosoek, hala nola Bazkoak, Yom Kipur egunak (Barkamenaren Eguna), Jerusalemgo Tenplua suntsitu izanagatik egin beharreko baraualdiak... Gauza bera gertatzen da kontatzen hasi zeneko datarekin; mundua K. a. 3761 urtean sortu zela erabaki zuten, eta beraz, hebrearren egutegiaren arabera, gure 2003. urtea judutarren 5763. urtea da. |
 |
|
Txinatarren egutegia, bestetik, ilargiaren faseen arabera finkatua dago. Huang Di enperadoreak ezarri zuen eta guretzat K.a. 2967. urtea den horretan hasi zen. Beren egutegiari jarraituko bagenio, gaur 4970. urtean egongo ginateke. Txinatarren kultura ilargiaren arabera antolatua dagoenez, ilargi berria eta ilargi betea ospatzen dituzte. Urteari hilabete bat gehiago eransten diotenean, jai eta errito berezi batzuen bidez ospatzen dute. Ehun urteko (mendea) gure ziklo handi horren ordez, 60 urtekoa dute haiek. Urte bakoitzari zodiakoaren zeinu bat izendatzen diote, eta zikloa amaitu arte ez da berriro errepikatuko. |
 |
|
Musulmanen egutegia ere ilargiaren faseen arabera antolatua dago, eta beraz, hiru urtez behin, hamahirugarren hilabete bat gehitu behar izaten zuten nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin beti harremanen bat duten jai horiek beren urte-sasoitik kanpora atera ez zitezen. Egutegi horren abiapuntua Hegira da, hau da, Mahoma profetak eta lehen sinestunak Mekatik Medinara K.o. 622. urteko uztailaren 16an egin zuten erromesaldia. Orain musulmanak 1424. urtean bizi dira. Urte Berria edo Ras al Sana, hilabete sakratua esan nahi duen Moharram hilabetearen lehenean ospatzen dute. Musulmanentzat hilabeterik garrantzitsuena Ramadana da, eta hilabete horretan ezin dute ez jan, ez edan, ez erre eta ez sexu-harremanik izan ere eguzki-orduetan. Ramadanari amaiera emateko jai handi bat egiten dute, eta gero, meskitara joaten dira otoitz egitera. |
 | |
 |
 |
|
Gaur egun Mendebaldean erabiltzen dugun egutegia erromatarretatik datorkigu. Lehen-lehenik, Erromako hiria fundatu zeneko data (K.a. 753) hasieratzat zuen bat erabiltzen zuten. Gero, Julio Zesarrek ezarritakoa erabiltzen hasi ziren, Juliotarra izenez ezagutzen zena. Baina egungo egutegia Gregoriarra da, eta horrela esaten zaio 1582. urtean Gregorio XIII Aita Santuak horixe ezarri zuelako Juliotarraren ordez, zenbait aldaketa egin ondoren. Garai haietan, egutegia gerra, nekazaritza, abeltzaintza eta hileta-zikloen arabera antolatzen zen. Eguraldi onak gerra garaia zekarren. Abenduaren eta otsailaren artean, ordea, uztarik ez zegoenez eta gerrarako garai egokia ez zenez, erromatarrak hileta-errituetan aritzen ziren. |
 | |