TRADIZIOAK

Neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa

Neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa
Gabonetan, eguzkia bere punturik baxuenera iristen da, zerumugan, eta une horretatik bertatik hasten dira egunak luzatzen. Ezagutzen ditugun kultura guztiek ospatu dute eguzkiaren etorrera-errituekin, eta, kasu askotan, gaur egun arte iraun dute.

Eguzkiaren etorrerarekin, herriek lurraren emankortasun garaiaren etorrera ospatzen dute. Egun horietan ospatutako errituetan, hildako senitartekoei, biziak zaintzeko eskatzen zieten. Kultura askotan, Gabonetan eguzkia gurtzen da, su handiak piztuz. Erritu horiek paganismoaren eta kristautasunaren nahasketa dira. Zenbait historialarik baieztatzen dute ez dela kasualitatea Osiris, Apolo edo Bako eguzki-jainkoen jaiotza, (kristautasunaren aurreko egiptoarren eta erromatarren nekazaritza-kulturetan), eta Jesusen jaiotza abenduaren amaieran ezarri izana. Erroman, adibidez, eguzkiaren jaiotza ospatzen dute abenduaren 25ean.

Neguko solstizioarekin loturik hainbat errito daude Euskal Herriko tradizioen artean, hala nola gabon zuzia, Eguberritan etxeko suan erretzen den enborra. Antzina, animaliak araztu egiten ziren enbor horren gainetik igaroaraziz.

Are Eguberriaren izena ere eguzkiaren jaiotzaren ideiarekin loturik dago.
Udaberriko ekinozioa
Udaberriko ekinozioan ere, tradizioz martxoaren 21ean ospatzen dena, erritu anitz ospatu dira, eguraldi onaren etorrera ospatzeko eta aurreratzeko. Eguna eta gauaren iraupena berdina den urteko bi momentuetatik bat da. Greziatik Patagoniaraino, kultura askotan, ohitura zen, landa eta mendi eremuetan, hostoekin eta loreekin mozorrotzea. Erritu horrek neguaren heriotza imitatzen zuen eta bizitzaren jaiotza adierazten. Kristoren heriotza eta bere berpizkundea ere neguaren amaieran ezarri zuten kristauek, naturaren loraldiaren sinbolo moduan.

Data horietan ohikoa da Inauteriak ospatzea. Ospakizun horren aurrekariak erromatarren Saturnoren jaietan, Erdi Aroko tradizioetan eta jai kristau-paganoetan aurkitzen dira.

Inauteriak atzean uzten du hotza, eta Garizumaren aurreko neurrigabekeriari ematen dio bidea. Inauteriak eguneroko bizitzari egiten dio aurka eta ezarritako legea eta ordena hausten ditu. Jendea mozorrotu egiten da eta gizarte-rolak aldatzen dira. Ondoren etorriko da Garizuma, soiltasun eta abstinentzia-garaia zabaltzen duen kristauen erritua, eta Jesusek basamortuan igaro zituen berrogei egunak ospatzen dituena.
Bazenekien…