««Itzuli
Coen anaiak, Oscar sarietako izarrak

2008/02/25
No country for old men, Joel eta Ethan Coen anaien filma izan da Oscar sarien 80. edizioaren irabazle nagusia. Galak, gainera, kutsu europar nabarmena izan du Javier Bardem, Tilda Swinton, Marion Cotillard eta Daniel Day-Lewis aktorei esker.
Coendarren lanak bi sari nagusi erdietsi ditu, Zuzendari Onenarena eta Film Onenarena, hain zuzen ere. Era berean, Gidoi Egokitu Onenaren eta Bigarren Aktore Onenaren sariak eskuratu ditu Cormac McCarthyren nobela batean oinarritutako filmak.
Javier Bardem espainiarrarentzat izan da Bigarren Aktore Onenaren saria. 2000 urtean Oscarretarako izendatua izan zen Before night falls draman egindako paperagatik baina edizio hartan ez zuen saririk jaso. Hortaz, Oscarra lortzen duen lehen espainiarra da Bardem.
There will be bloodek bezala No country for old menek ere zortzi izendapen izan zituen eta lau sari eskuratu ditu. Paul Thomas Andersonen filmak bi Oscar baino ez ditu lortu, Argazkilaritzarik Onenarena eta Gizonezko Aktorerik Onenarena, Daniel Day-Lewisentzat.
Gaueko ezustekorik handienetakoa Emakumezko Aktorerik Onenaren saria ematean heldu da. Marion Cotillard frantziarrak jaso du Oscarra, La vie en rosen Edith Piafen papera antzezteagatik.
Atonement lanak ere izendapen ugari izan ditu, zazpi, baina Oscar bakarra eman diote, Soinu Bandarik Onenarena. Dario Marianelli italiarrak egindako musikak eraman du saria Alberto Iglesias donostiarra, Kometak airean filmaren soinu bandagatik izendatua, esku-hutsik utzita.
Hauek izan dira sari nagusiak irabazi dituztenak:
- PELIKULA ONENA: No es país para viejos
- ZUZENDARI ONENA: Ethan Coen eta Joel Coen, No es país para viejos filmagaitik
- JATORRIZKO GIDOI ONENA: Juno
- GIZONEZKO AKTORE ONENA: Daniel Day Lewis, Pozos de ambición
- EMAKUMEZKO AKTORE ONENA: Marion Cotillard, La vie en rose
- GIZONEZKO BIGARREN AKTORE ONENA: Javier Bardem, No es país para viejos
- EMAKUMEZKO BIGARREN AKTORE ONENA: Tilda Swinton, Michael Clayton
- OHOREZKO OSCARRA: Robert Boyle
(Argazkia:EFE)
