««Itzuli
Alberto Iglesias Oscar saririk gabe geratu da bigarrenez

2008/02/25
Alberto Iglesias musikagile donostiarrak ezin izan zuen Marc Fosterren The Kite Runner (Cometas en el cielo) filmean egindako lanarengatik soinu bandarik onenaren Oscarra irabazi. Bigarren izendapena zuen, 2006an The Constant Gardener (El jardinero fiel) pelikulan egindako beharrarengatik proposatu baitzuten.
Dario Marianelli gailendu zen azkenean, Atonement filmean egindako lanarengatik. James Newton Howard (Michael Clayton), Michael Giacchino (Ratatouille) eta Marco Beltrami (3:10 to Yuma) ziren gainerako aurkariak.
V for Vendetta, The Brothers Grimm edota In this world bezalako filmen musika egin duen 44 urteko Dario Marianelli italiarrarentzat ere Oscar saria irabazteko bigarren aukera zen, 2006an, Iglesiasekin batera, izendatuta egon baitzen. Azkenean, ordea, Gustavo Santaolalla nagusitu zen, Brokeback Mountain pelikulan egindako beharrarengatik.
Urte horretan, ez zuen Oscarra irabazterik izan Pride and Prejudice (Orgullo y prejuicio) filmean egindako lanarengatik, baina Joe Wright zuzendariarekin zuen harremana sendotzeko balio izan zion, eta Wrightek Atonement pelikularen musika egiteko aukera eman zion. BAFTA saririk lortu ez zuen arren, jatorrizko partiturarik onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen lan horrekin.
Bigarren izendapena
Alberto Iglesias Oscar saririk gabe geratzen den bigarren aldia da. Pedro Almodovar eta Julio Medem bezalako zinemagileen pelikula askoren musika egiteagatik egundoko sona erdietsi du donostiarrak zinemaren industrian. Hori dela eta, Espainiako Kultura Ministerioaren Zinema Sari Nazionala jaso zuen iaz, bere ibilbidean egindako lanarengatik. Gainera, Goya sari gehien (zazpi) dituen musikagilea da.
(Argazkia: EFE)
