«« Itzuli
Vertigo Hitchcocken maisulanak 50 urte bete ditu

2008/05/09
Vertigo Alfred Hitchcocken maisulanaren estreinaldiaren 50. urteurrena betetzen da gaur. Estreinatu zenean, kritika epelak jaso zituen eta zinema-aretoetan porrota izan zuen. Halere, gaur egun, zinemaren historiako pelikularik onenetakotzat hartzen da.
Sueurs froides: d'entre les morts Pierre Boileau eta Thomas Narcejac idazle frantziarren eleberrian oinarrituta, akrofobia (bertigoa) pairatzen duen polizia ohi baten (James Stewart) istorioa kontatzen du Vertigo-k. Madeleine (Kim Novak) izeneko emakume baten atzetik joateko agindu diote polizia horri eta harekin maiteminduko da.
2007an, Amerikako Zinemako Institutuak (AFI) hamar pelikula onenen zerrendaren barruan sartu zuen. Bederatzi urte lehenago, berriz, 61. postuan jarri zuen Vertigo elkarte horrek.
Oscar sarietan zuzendaritza artistiko onenaren eta soinu onenaren ataletan izendatuta egon zen filma, baina ez zuen golardorik jaso. Donostiako Zinemaldian, ordea, zuzendari onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen Hitchcockek eta James Stewartek, bestalde, aktore onenaren Zulueta saria.
Intrigazko musika histrioniko batek, ezpain batzuek, emakume baten begiek eta gorriz tindatzen den pantaila batek suspenseko eta hipnotismoko espiral bati ematen diote paso. Horixe da Vertigo-ren hasiera. Orduz geroztik, hainbat omenaldi egin dizkiote filmari zenbait zuzendarik, horien artean Brian De Palmak Fascinación-en (1976) eta Martin Scorsesek El cabo del miedo-n (1993).
(Argazkia: www.imdb.com)
