«« Itzuli
Coen anaiek aktore ezezagunak aukeratu dituzte hurrengo filmerako

2008/08/21
Joel eta Ethan Coen anaiek ez dute Hollywoodeko izarrengana joko hurrengo filmean parte hartuko duten aktoreak aukeratzeko eta Broadwayeko (New York) antzokietan trebatu diren antzezle bi hautatu dituzte dagoeneko: kamaren aurrean esperientzia gutxi duen Michael Stuhlbarg eta Spin City telesailean egindako paperagatik ezagun egin zen Richard Kind.
Stuhlbarg Law & Order eta Studio 60 on the Sunset Strip serietan agertu da eta Kindek, berriz, For Your Consedration, The station agent eta Confessions of a dangerous mind filmetan hartu du parte baita Curb Your Enthusiasm eta Scrubs serietan ere.
Coen anaiek idatzi eta ekoitzi duten film berria, A Serious Man, 1967. urtean kokatuko den komedia beltza izango da, eta Larry Gopniken, emakumerik gabe geratu den irakaslearen komeriak kontatuko ditu. Irailaren hasieran, Mineapolisen, filmazioari ekingo diotela aurreikusten da.
Oscar ospakizunean No Country for Old Men lanarekin arrakasta izugarria lortu ondoren, Joel eta Ethan anaiek George Clooney eta Brad Pitt protagonista izango dituen Burn After Reading filma estreinatuko dute hurrengo hilabetean.
(Argazkia: www.msnbc.msn.com)
