ZINEA

«« Itzuli

14 pelikula lehiatuko dira Zinemaldiko "Horizontes Latinos" sailean

14 pelikula lehiatuko dira Zinemaldiko

2008/08/21

Irailaren 18tik 27ra bitartean izango den Donostiako Zinemaldiko "Horizontes Latinos" sailean, hamalau pelikula lehiatuko dira Horizontes saria lortzeko. Sari hori 35.000 eurokoa izango da.

Aukeratutako lanen artean, osorik edo zati bat Latinoamerikan egindako film luzeak, jatorri latinoamerikarreko zuzendariek egindako filmak edota munduko gainerako txokoetako giza-talde latinoak esparrutzat edo gaitzat dauzkaten filmak daude. Gainera, Espainiako Estatuko beste jaialdietan aurretik aurkeztu gabekoak eta Estatuko zinemetan eman gabekoak izan behar dute.

Heddy Honigmanen El olvido pelikularen estreinaldi mundialak emango dio hasiera sailari eta Locarnoko zinemaldian Urrezko Lehoinabar saria jaso zuen lanarekin, Parque Vía filmarekin, arituko da lehian, nazioartean sarituak izan diren bestelako pelikulekin lehiatzeaz gain, besteak beste, Intimidades de Shakespeare y Victor Hugo (Buenos Aires, Mexiko eta Transilvania), Perro come perro (Guadalajara), La sangre brota (Cannes) eta Sleep Dealer (Sundance eta Berlin).

Horrez gain, Acné, Gasolina eta Tony Manero filmak ere hautatu dituzte. Horiek aurretik beste aukera bat izan zuten Donostiako Zinemaldian, "Zinema Eraikitzen" sailean aurkeztu zituztelako, oraindik postprodukzio fasean zeudenean.

"Horizontes Latinos" sailean, lehiaketatik kanpo, emanaldi bikoitz berezi bat ere izango da. Bertan, Tomas Gutierrez Alea zinemagilearen jaiotzaren 80. urteurrena ospatzeko, haren lana eta bizitza aztertzen dituen Titón, de La Habana a Guantanamera dokumentala eta Memorias del subdesarrollo (1968), bere lan garrantzitsuenetako bat, proiektatuko dira.

(Argazkiak: www.sansebastianfestival.com)