«« Itzuli
John Lennonen bizitzari buruzko filma egingo du Sam Taylor-Woodek

John Lennonen haurtzaroa eta gaztaroa zinemara eramango dituzte Nowhere Boy pelikulan. Horrek Lennonen bizitzako lehen urteak kontatuko ditu, The Beatles musika taldea sortu zuen arte. Filmaketa Britainia Handiko Ecosse Films etxeak ekoitziko du eta artistaren jaioterrian, Liverpoolen, egingo dute. Sam Taylor-Woods izango da zuzendaria eta Matt Greehalgh, berriz, gidoilaria. Nowhere Boy lanak amaren heriotzagatik gogaituta dagoen Lennon nerabe bat erakusten du, mozkor zegoen polizia batek autoarekin harrapatu baitzuen haren ama. Hori dela eta, musika, artea eta Paul McCartneyren adiskidetasuna dira gaztearen ihesbideak. Taylor-Woods zuzendariak esan duenez, gidoiaren oinarrizko alderdietako bat artistak gaztaroan ezagututako emakumeak dira. "Lennonen lehendabiziko urteetako emakumeek bere izaera eratu zuten, eta bere harremanen sendotasunak eta ahuluneak dira filmaren mamia". Lehendik ere, Lennonen irudiari buruzko hamaika proiektu egin dira, baina nabarmentzekoa da Canneseko Zinemaldian aurkeztu zuten Chapter 27. Pelikula horrek kritika ugari jaso ditu, zenbaiten iritziz, John Lennonen hiltzailea goratzen baitu.
2008/09/02
