ZINEA

«« Itzuli

Celtas Cortosek gaur kaleratu du disko berria

Celtas Cortosek gaur kaleratu du disko berria

2008/09/02

Valladolideko Celtas Cortos musika taldeak gaur jarri du salgai bere azken lana, 40 de abril, eta hori argitaratugabeko hamabi abestik osatzen dute. Lan honekin, taldeko abeslaria eta musikagilea den Jesus Cifuentes berriro bildu da bere betiko kideekin.

Lau urteko etenaldia izan du taldeak eta denbora horretan, taldekide bakoitzak bere proiektuekin jarraitu du. Hala ere, etenaren ondotik, estudioan grabatutako disko bat egiteko beharra sentitu dutela aitortu dute. Cifuentesen arabera, lan berriak Celtas Cortos osasun egoera onean dagoela islatuko du.

Horrela sortu dute 40 de abril, denbora gehien eskaini dien abesti sorta. Lan "lasaia eta patxadatsua" izan dela esan du Goyo Yevesek, taldeko txirula- eta saxofoi-jotzaileak, baita gauza asko esan eta abestu nahi zituztela ere. Taldeak bere arima aldarrikatzailea mantentzen duela adierazi du Cifuentesek, hori baita bere oinarria eta ez baitu inoiz galduko.

Indarrez eta gogotsu itzuli da Celtas Cortos banda eta egunotan taldearen emaitza berria jendaurrean aurkeztuko dute. Ostegunean, irailaren 4an, Bilboko Fnac saltokian izango da eta ostiralean, ostera, Donostiako Fnac dendan. Donostiako aurkezpenaren ondoren, 23:00etan, kontzertu bat eskainiko dute Hondarribian, herriko jaien bezperan.

(Argazkia: EFE)